NAIZ

Aste Nagusiko kartela hautatzeko lehiaketa hasi da

Bilboko Udalak 2019ko Aste Nagusia irudikatuko duen kartela hautatzeko lehiaketa jarri du martxan. Gaia librea izango da, baina obrak jatorrizkoak eta argitaratu gabeak izan beharko dira. Abuztuaren 17tik 25era ospatuko da aurten Aste Nagusia.

Bilboko Aste Nagusiko Marijaia.
Bilboko Aste Nagusiko Marijaia.

Bilboko Aste Nagusia geroz eta gertuago dago, eta horregatik Udalak aurtengo jaiak irudikatuko dituen kartelen lehiaketan parte hartzeko deialdia ireki du. Proposamenak aurkezteko epea irekita egongo da maiatzaren 31ra arte, eta lanak Bilboko Udalaren Jaietako Sailaren bulegoetan aurkeztu beharko dira (Venezuela plazako 2. zenbakian).

Bilboko Udalak azaldu duenez, aurkeztutako proposamenak jatorrizkoak eta argitaratu gabeak izan beharko dute. Gaia librea izan arren, Udalak ‘Bilbo 2019 Aste Nagusia Abuztuak 17-25’ esaldia agertzeko betebeharra eskatu du. Lehiaketan parte hartu nahiko duten sortzaileek Udalaren web orrian kontsultatu ahal izango dituzte oinarri guztiak.

Aurkeztuko diren proposamen guztien artean, bederatzi kidez osatutako epaimahai batek sei kartel finalista hautatuko ditu. Epaimahaia Bilboko diseinuaren mundutik datozen bost pertsonek, Bilboko Konpartsen ordezkari batek eta Udal Korporazioaren hiru ordezkarik osatuko dute.

Behin sei kartel finalistak hautatuta, Udalak botoa emateko sistema bat abiaraziko du, non herritarrek 2019ko Aste nagusiko irudia hautatzen parte hartu ahalko duten. Obra irabazlearen autoteak 3.000 euroko saria jaso du esku-dirutan.

Udalak, «Bilboko jaien izaera herrikoia abiaburutzat hartuta», kartel lehiaketan parte hartzeko deia luzatu die herritarrei.