NAIZ

7 Katu gaztetxeak «konponfestak» ospatuko ditu datozen egunetan obra bukatuta egon ez arren

7 Katu gaztetxeak duela bi hilabete martxan jarritako obra espero baino luzeagoa izaten ari dela aitortu du, baina oraindik bukatuta egon ez arren, «Konponfestak» ospatuko dituzte maiatzaren 30ean, 31n eta ekainaren 6an eta 7an.

7katu gaztetxearen prentsaurrekoa obrei buruz.
7katu gaztetxearen prentsaurrekoa obrei buruz.

7 Katu gaztetxeko kideek duela bi hilabete martxan jarritako obraren berri eman du sare sozialetatik argitaratutako bideo baten bitartez. Gogoratu dutenez, obra hori egitea «ez zen erabaki erraza izan», «eraikinaren egitura berregokitzea exijitzen zuelako, horrek dakarren lan-karga eta diru inbertsioarekin», baina era berean, «gaztetxearen biziraupenerako funtsezkoa zen».

«Oztopoak oztopo», obrari ekin zioten «ilusioz», eta obraren plana zein berau finantzatzeko plan ekonomikoa diseinatu zuten. Plan ekonomiko horren baitan, «Konponfestak» antolatzea erabaki zuten, «jakinda obra bukatu gabe egoteko arriskua zegoela».

Bi hilabeteren ostean, obra aurreikusita zuten denboran egiteko ez direla gai izan aitortu dute, eta uste baino gehiago atzeratu direla. Azaldu dutenez, alde batetik obra guztiz baldintzatzen zuten kanpo-faktore batzuk ez direlako espero bezala irten, eta bestetik espero baino lan gehiago izan dutelako. Hala ere, hori kontuan izanda, maiatzaren 30, 31 eta ekainaren 6 eta 7ko Konponfestetan gaztetxea zabalduko dute, «espazioa martxan jartzeko moduan dagoelako».

Duela bi hilabete martxan jarritako lana «oso aberasgarria» izan dela adierazi dute 7 Katuko kideek. «Denbora honetan, gauza asko ikasi ditugu: sistema elektrikoetatik hasita pintura mota ezberdinak bereizteraino; rotaflex batekin aritzetik ateak kendu eta jartzeraino; zementoa eta eskaiola erabiltzetik armairu eta baldak inprobisatzeraino. Baina batez ere, antolakuntza eta elkarlanaren garrantzia baloratzen ikasi dugu».

Azkenik eskerrak eman diete era batean edo bestean obran lagundu duten pertsonei, bereziki gaztetxea aspaldi utzi zuten arren, oraindik beraiena sentitzen dutenei.