NAIZ

Udari ongietorria emateko hamabost su piztuko dituzte Bilbon igande honetan

Etxebarria parkean ospatuko dute Bilboko konpartsek udako solstizioa igande honetan. Auzoetako jai batzordeek ere egitarau propioak antolatu dituzte.

Etxebarria parkean aurreko urteetan egindako sua. (Marisol RAMIREZ/FOKU).
Etxebarria parkean aurreko urteetan egindako sua. (Marisol RAMIREZ/FOKU).

Urtero bezala, udari ongietorria emateko Bilboko Konpartsek gau berezia antolatu dute ekainak 23rako Etxebarria parkean. Lurraren erritualarekin emango diote hasiera ospakizunari 19.30etan. 20.00etatik aurrera Natxo Monterok eta Gaztediko musikariek gidatuta dantzaldia egingo dute, eta umeentzako jolas kooperatiboak egongo dira. Ohiko txokolate jana ere egongo da.

22.00etan kalejirari ekingo diote, bertan ez dira faltako deabruak, sorginak, correfocs-ak... Izan ere, Lekeitioko Deabruak Antzerki Taldeak ‘Akelarre Foc’ izeneko ikuskizuna eskainiko du San Juan sua piztu aurretik. Azkenik, Cloverwind taldearen kontzertuak gauari jarraipena emango dio, eta gauerdian topa egingo da urarekin «indar telurikoak gure aldera erakartzeko».

Honetaz aparte, Bilboko auzoetako jai batzorde ezberdinek egitarau propioak antolatu dituzte. Ume, familia, gazte eta, orokorrean, adin eta publiko guztientzako hainbat jarduera egongo dira: umeentzako tailer eta aktibitateak, txokolate-jana, musika eta antzerki talde ezberdinen eskutik izango den animazioa, parrilladak, bingoak, herri afariak… eta, nola ez, ohiturazko sua.

Bilboko Udalak, bere aldetik, 15 su-txondor pizteko baimena eman du: Deustun, Erriberan, Ibarrekolandan, Matikon, Zurbaranen, Santutxun, Otxarkoagan, Abusun, San Adrianen, Iralan, Olabeagan, Zorrotzan Masustegin, Iturrigorri-Peñascalen eta Etxebarria Parkean.

Bestalde, herritarrei ahalik eta konturik handienarekin ibiltzeko eskatu die, «behar ez diren arriskuak saihestuz».