‘Free Munipa Tourra’, Udaltzaingoaren «gehiegizko» presentzia salatzeko

Bilboko konpartsek ‘Free Munipa Tourra’ egin dute jaigunean zehar Udaltzaingoaren «gehiegizko» presentzia salatzeko.

NAIZ|2019/08/19 20:54
Freemunipatour
Konpartsek Udaltzaingoaren «gehiegizko» presentzia salatu nahi izan dute ekimenarekin. (Aritz LOIOLA / FOKU)

Jai eremua «distentsio-gunea» eta aldarte onaren isla izatea nahi dutela adierazi dute konpartsek komunikabideetara bidalitako oharrean eta Udalak segurtasunari dagokionez abiatutako bidearekiko erabateko desadostasuna adierazi dute.

‘Free Munipa Tourra’-ren bidez, jaigunearen «sekretuak, historia, jatorria, sen ona eta abar» azaldu die gidari turistiko batek udaltzain helduberri talde bati, giroaz ondo jabetu daitezen eta haien aurpegi goibelak alaitu daitezen».

«Ez dugu bat egiten Udalaren segurtasun-diskurtsoarekin ezta iaz ikusi genituen dispositibo polizial hain ugari eta omnipresenteekin; segurtasuna ez da bermatzen jai-gunea poliziaz josiz, dispositibo beltz, fosforito eta kopetilunak ez dio jai-giroari mesede egiten. Jai-giroan eragin negatiboa dauka, jendearengan ezinegona ere sorrarazten du», kritikatu dute.

«Jarrera ere, gogorra darabilte kale-saltzaileen, lehiaketa gastronomikoko parte-hartzaileen edo konpartsakideen aurrean, jaiei dagozkien jarrera lasai eta alaia izan beharrean», gaineratu dute oharrean.

Hala, jaietako espazioa eta giroa zaintzeko bestelako bideetan sakontzeko beharra azpimarratu dute, eta denon arteko gizarte-lan sakonagoa behar dela. Arlo horretan elkarlanerako prest azaldu dira konpartsak.

Jai eremua konpartsen eremua da eta konpartsek «distentsio-gunea izan dadin nahi dugu, aldarte onarena». Oroitarazi dutenez, «ezaguna da konpartsakideok inplikaturik gaudela gure eremuaren zaintzan eta hala izaten jarraituko du, betiere jai-giroa zaintzeko».

Salatu dutenez, alkatea Aste Nagusian sekurokrazia aldarrikatzen eta ezartzen ari da. «Uste genuen Aburtok eta bere alderdiak hainbatetan aldarrikatu duten moduan, ‘jaietan jai’ goiburua zela euren ildoa; populismorik gabe». «Dantza, kirola, kultura, algararako… tartea dira jaiak», nabarmendu dute oharrean.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK