Naiz
Bilbo

James Ellroyk bere azken liburua aurkeztuko du Alondegian

Beste behin Los Angeles hirian gertatutako historio ilun bat dakar Ellroyk ‘This Storm’ nobela berrian. Bigarren Mundu Gerran kokatuko du gertakizuna oraingoan. Berarekin antolatu duten topaketan parte hartzeko sarrerak jada salgai daude.

Idazle estatubatuarra 2015eko Gutun Zuria jaialdian izan zen. (NAIZ)
Idazle estatubatuarra 2015eko Gutun Zuria jaialdian izan zen. (NAIZ)

James Ellroy idazlea berriro izango da Bilboko Alondegian bere azken eleberria aurkezten. ‘This Storm’ (‘Esta tormenta’ gaztelerara itzulita) da bere lanaren izenburua eta gaur argitaratu da. Idazle estatubatuarra Bilbon izan zen 2015ean Alondegiak urtero antolatzen zuen Gutun Zuria jaialdian.

Topaketa irailaren 24an izango da, 19.00etan. Ekitaldia liburu aurkezpena izateaz gain irakurleekin topaketa izango da. Bertan parte hartzeko sarrerak salgai jarri dituzte Alondegiaren webgunean, 3 eurotan.

Ellroy genero beltzeko maisu handietako bat da eta haren bereizgarri nagusiak dira estilo lehorra, zorrotza eta doinu pesimista eta iluna. Amaren hilketak markatu zuen idazlearen haurtzaroa, eta kriminalitatean murgilduta bizi izan zituen nerabezaroa eta gaztaroa, harik eta bere atsekabeari idazketaren bidez irtenbidea eman zion arte.

‘This storm’ lanak iraganera bidaia proposatzen du, 1942ko urtarrilera, Bigarren Mundu Gerrara. Los Angeles asaldatuta dago Pearl Harborreko erasoaren ostean, eta agintariek Estatu Batuetan bizi diren japoniarrak atxilotzen ari dira. Hirian sekulako euritea dago eta Griffith Parkean gertatzen den luhizi baten ondorioz hilotz bat agertzen da. Poliziek uste dute errutinako kasu bat dela, baina oker daude...

Lan berri hau ‘Los Angeleseko Laukotea’ bezala ezagutzen diren lau obra ospetsuekin parekatu daiteke, berriro bere jaioterria duelako eszenatoki: ‘The Black Dahlia’ (1987, amari dedikatua), ‘The Big Nowhere’ (1988), ‘L.A. Confidential’ (1990) eta ‘White Jazz’ (1992).