Naiz
Bilbo

Txistulari gazteen Danboligenak topaketa ospatuko dute asteburu honetan Bilbon

Topaketaren helburu nagusia Euskal Herriko lurralde desberdinetako txistulari gazteen arteko harreman sare iraunkor eta berezia eratzea da. Asteburuan zehar bi ikastarotan parte hartuko dute musikariek, eta kalejirak egingo dituzte Zazpikaletan.

Bilbao Musika bandako musika eskolak eta Euskal Herriko Txistulari Elkarteak Danboligenak txistulari gazteen topaketa antolatu du Bilbon asteburu honetarako. Helburu nagusia zazpi lurraldeetako musikariak elkartzea eta euren arteko harremana sortzea da.

Urtarrilean Azkoitian egin zuten topaketa, eta orain Bilbora eman dute saltoa. Antolatzaileek iragarritakoaren arabera, abenduan berriro Gipuzkoara itzuliko dira,  baina oraindik ez dute aurreratu non izango den zita.

Bilbon bertako txistulari banda, Trapagaranekoa, Azkoitiakoa, Hernanikoa, Lesakakoa eta Errobi bailarakoa izango dira, besteak beste. Bihar gazteek bi ikastarotan hartuko dute parte: plaza dantzak, goizez, eta inprobisaziorako hastapena, arratsaldez. Eguerdian, berriz Zazpikaletan zehar kalejira bat ospatuko dute eta iluntzean, berriz, Erriberako Merkatuan erromeria izango da Aiko taldearen eskutik. Igandean amaituko da Danboligenak 10.00etan Zazpikaletan barrena eskainiko duten ikuskizunarekin.

Topaketa honekin jarduera musikalaren balore propioak transmititu nahi dituzte, baita hezkuntza sarea bateratu eta indartu ere, belaunaldien jarraitasuna bermatuz eta euskal musikaren kalitatea ezagutaraziz.