San Jose: «Nire nahia Athleticen jarraitzea da eta klubak liga bukaeran hartuko du erabakia»

Mikel San Josek argi eta garbi esan du Lezaman egindako agerraldian bere nahia Athleticekin duen kontratua berritzea dela. Azaldu duenez, klubetik jakinarazi diote denboraldi amaieran erabakiko dutela zer egingo duten.

Manex ALTUNA|2019/11/06
Naizsanjo
Mikel San Jose Lezamako prentsa aretoan. (@AthleticClub)

Mikel San Jose gutxi jokatzen ari da aurtengo denboraldian. Bizkarreko mina izan du eta kosta egin zaio jokatzeko aukerak izatea. Vila-realen kontrako partidan lehen aldiz aritu zen hamaikakoan eta partida txukuna egin zuen Gaizka Garitanok berak aitortu bezala.

Asteazken eguerdian Lezamako prentsa aretoan izan da eta beren etorkizunaz galdetu diote jokalari nafarrari. San Josek oso argi utzi du bere «nahia» Athleticen «jarraitzea» dela eta lan egingo duela lortzeko entrenatzaileak aukera gehiago emateko. Jokalariak berak azaldu duenez, klubetik jakinarazi diote denboraldi bukaeran hartuko dutela erabakia.

Nafarrak aitortu du bere kirol ibilbidean ez duela horrelako egoerarik bizi izan, baina lasaitasunez hartu duela egoera eta lanean jarraituko duela. Joan den irailean hamar urte bete ziren San Josek Athleticekin debuta egin zuenetik Joaquin Caparrosen eskutik. Liverpool-etik utzita itzuli zen Bilbora, Lezaman hezi ondoren. Kostata lortu zuen partidak jokatzea lehen hilabeteetan, Vienako Austriaren kontrako Europa League-ko partidan hamaikakoan sartu eta gola egin arte.

San Joseren egoera berean aurkitzen da Beñat Etxebarria erdilari bizkaitarra. Igorrekoa lesionaturik dago eta ez da jokatzeko moduan izango igandean Levanteren kontra. Itzultzeko aukera izango duena Unai Lopez da, taldekide guztiekin batera entrenatu baitu berriro.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK