NAIZ

Paco Etxeberria eta Begoña Iñarra izango dira Begoñazpi Ikastolako Gazte Role Model 2019ko sarituak

Bilboko Begoñazpi Ikastolak Paco Etxeberria antropologo forentseari eta Begoña Iñarra misiolariari emango die 2019ko Gazte Role Model Saria. Lan munduari dagokion saria jasoko du Etxeberriak, eta elkartasunari dagokiona Iñarrak.

Paco Etxeberria eta Begoña Iñarra.
Paco Etxeberria eta Begoña Iñarra.

‘Gazte Role Model Saria’ sariak Bilboko Begoñazpi Ikastolak urtero lan eta solidaritate baloreak aintzat hartuz, ematen dituen sariak dira. XII.edizio honetan, antropologo forentse ospetsua den Paco Etxeberria eta bilbotar misiolaria den Begoña Iñarra sarituko ditu.

Auzitegi medikuntzan, antropologian eta auzitegi biologian jantzia den Etxeberriaren (Beasain, 1957) lan ibilbidea goraipatu du Euskadiko gizarte eta enpresa munduko zazpi adituk osatu duten epaimahaiak. Giza eskubideekiko errespetua zein memoria historikoa edota tortura bezalako gaiekin konpromisoa duten eremuetan egindako auzitegi ikerketak nabarmendu ditu sariak.

Era berean, gerra zibileko hobi komunen bilaketan eta hobitik ateratzean, eta desagertu eta hildakoen bilaketan egindako lana ere goraipatu du epaimahaiak. Izan ere, Aranzadi Zientzia Elkarteko Antropologia Fisikoa Saileko presidentearen ikerketa forentse asko «erabakigarri izan dira epaitegietan zenbait heriotza argitzeko eta ezagutze, konpontze eta prebentzio lanetan ondorioak ateratzeko».

Bestalde, Begoña Iñarrari (Bilbo, 1946) dagokionez, «giza duintasunaren aldeko bete-beteko ardura» nabarmendu du epaimahaiak. «Iñarrak prostituzioaren, pornografiaren eta gizakien salerosketaren aurka egiten duen lana izugarria da», azpimarratu du.

Iñarra 1973an sartu zen Ahizpa Zuriak kongregazioan eta, ordutik hona, Kongon, Ugandan, Etiopian edota Mozambiken ibili da lanean. Gainera, Ekialdeko Afrikako Gotzain Batzarreko Bake eta Justizia bulegoko koordinatzailea da.

Sari banaketa ekitaldia datorren astelehenean izango da, azaroaren 11n, arratsaldeko 18:00etan, Begoñazpi Ikastolan bertan, eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Cristina Uriartek, Bizkaiko Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol diputatu Lorea Bilbaok, Bilboko Udaleko Euskara eta Hezkuntza zinegotzi Koldo Narbaizak eta Bilboko Elizbarrutiko gotzain laguntzaile Joseba Segurak parte hartuko dute, besteak beste, ikastola bilbotarretik jakinarazi dutenez.