Asier ROBLES

Bertso bazkariarekin bukatuko da larunbat honetan Deustuko Aferak dinamikaren hirugarren edizioa

Deustuko Elorri Bertso-eskolak eta Herriko Tabernak bertso bazkariarekin emango diote bukaera Aferak bertso dinamikaren hirugarren edizioari larunbat honetan, otsailak 8. Unai Iturriaga, Maialen Lujanbio eta Miren Artetxe izango dira oholtza gainean.

Aferak dinamikaren bertso bazkaria.
Aferak dinamikaren bertso bazkaria.

Hirugarren urtez, irailaren 26an ekin zioten Elorri Bertso Eskolak eta Deustuko Herriko Tabernak Aferak bertso dinamikari. Hortik aurrera, hilabetero, bertso-saio bat antolatu dute Deustuko Herriko Tabernaren atzekaldean. Saio bakoitza tematika zehatz batekin prestatu dute, taberna tematika horrekin apainduz.

Iraileko saioan Ane Peñagarikano, Lierni Rekondo, Urko Arregi eta Ane Beloki egon ziren haien bertsoekin giroa alaitzen. Urrian Ibai Amillategi, Koldo Gezuraga, Asier Galarza eta Mikel Retolaza. Azaroan Ander Anakabe, Maite Sarasola, Enare Muniategi eta Mikel Aiartzaguena. Abenduan Unai Mendiburu, Paule Loizaga, Kerman Diaz eta Maddalen Ruesgas. Eta ostegun honetan, otsailak 6, Josune Aramendi, Ander Urcelay, Asier Alcedo eta Aissa Intxausti arituko dira.

Dinamikari amaiera borobila emateko larunbat honetan, otsailak 8, bertso bazkaria antolatu dute. Unai Iturriaga, Maialen Lujanbio eta Miren Artetxe ibiliko dira kontu-kantari oholtza gainean.

Zazpi plater izango ditu bazkariak: Greziar entsalada santorini estilora; cus cus beltza barazkitxoekin eta tenperatura baxuan egindako txipiroi esagetiekin; patata krema arina txangurro eta algekin; bakailoa labean, spanaki babarrun eta mango chutney-aren gainean; mousaka; krema kurruskaria laranja albakarekin; eta saganaki gazta.

Bazkarirako tiketak Deustuko Herriko Tabernan eta Errondabide Kultur Elkartean daude salgai, langileentzako 20 eurotan eta langabetu eta ikasleentzat 15 eurotan.

Ander Anakabe Elorri Bertso-eskolako kideak dioenez Aferak dinamikaren helburua Deustun bertsolari gazteentzako plaza bat sortzea da. «Deustuko bertsolari gazteei bertsotan ibiltzeko aukera eman nahi diegu». Era berean, Deustu euskalduntzea eta bertsozale komunitate bat sortzea ere du helburu Elorri Bertso-eskolak.

Hiru urte hauen balorazio ona egin du Anakabek: «Behar bada, data zehatzetan apur bat kostatu zaigu jende asko erakartzea, baina orokorrean jendearen erantzuna oso ona izan da. Gai dibertigarriak prestatzen saiatu gara, publikoaren parte hartzea bermatuz».

Hurrengo urteei begira «gauzaren bat erreplanteatu beharra» dagoela aitortu arren, dinamika hau berriz antolatzeko gogotsu daudela adierazi du Anakabek.