Bilbo aratusteetan murgiltzera doa

Bilboko Jai Batzorde Mistoak 2020ko aratusteetako egitaraua aurkeztu du Erriberako merkatuan egindako prentsaurrekoan. Otsailaren 15etik otsailaren 25era bitartean ospatuko dira.

Asier ROBLES|2020/02/13
Bilboko_aratusteak_2020
Bilboko 2020ko Aratusteen egitarauaren aurkezpena. (Marisol RAMIREZ/FOKU).

Hasi da Bilboko Aratusteen atzeranzko kontaketa. Bilboko Konpartsetako ordezkariek eta Itziar Urtasun Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako zinegotziak gaur goizean aurkeztu dute Jaietako Batzorde Mistoak aurtengo Aratusteetarako landutako egitaraua.

Motorrak berotzeko, otsailaren 15ean, larunbata, hasiko da jaia Bizkaiko hiriburuan, antzinatik berreskuratu eta sendotutako kopla txikien lehiaketarekin. Kafe Antzokian ospatuko da kantuz, umorez, satiraz eta mozorroz beteriko ekitaldia. Egunarekin amaitzeko Los Zipilotes Txrirrias taldeak kontzertua eskainiko du.

Igandean, aratusteetako torrada eta pontxe dastaketa eta IX. Torrada eta Pontxe lehiaketa egongo dira 11:30etik aurrera Plaza Barrian.

Ostegunean, otsailak 20, iluminazio efektuak piztearekin bat, Orkresta elektrotxaranga taldeak Zazpi Kaleak girotuko ditu 20.00etatik aurrera. Ondoren, 22.30etan, Sutan taldearen kontzertuarekin jarraituko du jaiak Plaza Berrian.

Farolin eta Zaranbolasi epaiketa

Ostiralean berriz, «antzinako Bilboko mozorro tradizionalak» janzteko eguna izango da. Egun horretan, Farolin eta Zaranbolasi epaiketa egingo zaie 19.30etan Plaza Berrian. Ane Lindane aktorea eta Joselu Angulo izango dira aurtengo Farolin eta Zaranbolas.

Larunbatean, otsailak 22, aratusteen «bihotza eta egun nagusia» izango da. 12.00etatik aurrera hainbat ekitaldi egongo dira: umeentzako tailerrak, antzerkiak, kontzertuak, fanfarre eta erraldoiak, mozorro kalejira-lehiaketa… 15.00etan herri bazkaria egongo da Albiako karpan eta SUA taldeak girotuko du bazkalostea.

Arratsaldean, kalejira eta mozorroen lehiaketa egingo da 17.00etan plaza biribilean. Albian, aldiz, Mugalari taldeak kontzertua eskainiko du.

Igandean eta astelehenean zehar ekitaldi gehiago egongo dira, eta otsailaren 25ean, asteartea, aratusteei bukaera emango zaie sardinaren erreketarekin.

Eraso sexista, homofobo edo arrazistarik ez dutela onartuko adierazi dute aurkezpenean.