Erandioko «Dantzxori» inauteri-festan, natura eta ohitura zaharrak bildurik

Euskal inauterien osagai guztiak ditu, baina eguneratuta eta XXI. mendeari egokituta. Datorren ostiralean, otsailaren 21ean, itzuliko da Astraburuara Trabudu dantza taldeak prestatutako ’Dantzxori, Gure aratusteak’ ikusgarria.

Amaia EREÑAGA|2020/02/18
Loading player...

150 dantzarik, musikok eta antzezlek hartuko dute parte ostiralerako prestatu den ikuskizunean. Inauterietako antzezkizun bat baino gehiago izango da, dena den, osagai ugari bildu dituztelako.

Hastapenetik Trabudu dantza taldearen ametsa zera zen; Erandioko herriari aratuste propioak eskaini nahi zizkion dantza, natura eta tradizioa uztartu eta XXI. mendeko sinbolismoekin nahastuz eta eguneratuz.

Urteak eman dituzte dantza taldekoak Altsasu, Ituren eta Zubieta bezalako inauterietara joaten, eta ikusten zutena xurgatzen. Zerbait propioa egin nahi zuten, baina baserri batzuetan ohikoa zuten mozorro batzuetatik aparte ez zuten gauza handirik aurkitu, taldeko partaidea den Gorka Zubillagak argitzen duenez.

Eta hainbat ikerketen ostean, azkenean orain dela hiru urte egin zen lehen ikuskizuna. «Nerbioi ibaiaren ertzek XX. mendearen hasieran jasan zuten industrializazio basatian oinarria hartuta, herriko leku enblematikoak berreskuratu nahi genituen, hala nola Axpeko sumendi zaharra edo futbol-zelaiko obretan aurkitutako hiru harri bolkanikoak, gaur egun biribilgune batean daudenak. Baita gutxik ezagutzen duten hezegune bat», argitzen du Zubillagak.

Taula gainean ikusiko ditugun pertsonaiak txoriak dira –«herriko hezegunean dauden txoriengatik eta baita Txoriherrikoak garelako»–, baina baita Basandere anderea eta Sustraiak izeneko jentilak.

Hitzordua otsailak 21ean da.beraz, Astrabuduan. 19:30etan kalejiran aterako dira Josu Murueta plazatik. 20.00etan, Jose Andres Mendiguren plazan iritsiko da ikuskizunaren ordua eta, jaia bukatzeko, 23:00etan, erromeria antolatu dute Sukar taldearekin.