Bilboko mugimendu feministak lau mobilizazio egun deitu ditu martxoaren 8ra begira

Martxoaren 8a dela eta, Bilboko mugimendu feministak lau mobilizazio egun deitu ditu. Mobilizazio nagusia martxoaren 8an, igandea, izango da 13.00etan Jesusen Bihotzetik.

NAIZ|2020/02/26
Captura_de_pantalla_2020-02-26_a_las_17.03.07
Bilboko mugimendu feministaren prentsaurrekoa. (Aritz LOIOLA/FOKU).

2018 eta 2019ko martxoaren 8an mugimendu feministak aurrera eramandako grebak milaka emakume mobilizatu ditu. Aurten, berriro ere, aurtengo martxoaren 8a dela eta, 4 egunetako mobilizazioak egingo dituzte. Asteazken honetan emandako prentsaurrekoak mobilizazioen nondik norakoak azaldu dituzte.

Ostegunean, martxoaren 5ean, 19.00etan hasiko dira Justizia Jauregiaren aurrean ekintza bat eginez.

Ostiralean, martxoaren 6an «feminismoa antiarrazista dela ozen esateko» 11.00etan emakume migrante eta arrazializatuek Extranjeria eta Eusko Jaularitzaren aurrean kaleak okupatu eta mobilizatuko dira. Arratsaldez, 19:45etan Aldundiaren aurrean eseriko dira arrazismoa salatzeko.

Larunbatean, martxoaren 7an, «feminismo antikapitalista dela aldarrikatzeko» 19.00etan Gran Vía eta Astarloa kaleen arteko bidegurutzean elkartuko dira eta kale osoa hartuko dutu emakumeek, beltzez, «gure diskurtsoa erosi eta kontsumo bilakatu nahi dutenak seinalatzeko».

Aurten ere martxoaren 7an gauez manifestazioa egingo due Arriagatik hasita, «kaleak gureak direla aldarrikatuko dugu eta kaleaz gozatzera goaz.

Azkenik martxoaren 8an egun osoan zehar Bilboko kaleak hartuko dituzte, «borroka egun bat delako eta feminismoa antolatua dagoela nabarmentzeko». Mobilizazio nagusia 13.00etan izango da Jesusen Bihotzetik.

«Borroka feminista beharrezkoa da oraindik, gaur duela urtebete bezala, horregatik joan ginen Hego Euskal Herrian urtarrilaren 30ean greba orokorrera eta orduan ere Bilboko kaleak feminismoz bete genituen. Greba feminista emakume langileak antolatzeko bitarteko bat gehiago da, ez da helburu bat, beste eredu sozial eta produktibo bat salatzeko eta aldarrikatzeko tresna bat baizik, eta ahalegin eraldatzaile horretan jarraitzen dugu» adierazi dute Bilboko Mugimendu Feministako kideek asteazken honetan emandako prentsaurrekoan.

Bilboko Mugimendu Feministako kideek Feminismoan emakumeen autoantolaketaren beharra azpimarratu dute: «Neoliberalismoak hain eragin handia duen mundu honetan, indibidualismo basati eta atomizatua sustatzen duen mundu honetan, komunitate feminista konprometitua eraiki behar dugu, sare sozialek eragiten duten pasibotasuna gaindituz».