NAIZ

Deustuko Jaiak bertan behera geratu dira koronabirusa dela eta

Deustuko Jai Batzordeak Deustuko jaiak bertan behera uztea erabaki du koronabirusak sortu duen krisia dela eta. Orain arte montatutako azpiegitura guztia 11.000 euroko zorra ekarriko dio Deustuko Jai Batzordeari, eta jaiak urtean zehar antolatzen ahaleginduko dira.

Deustuko jaiak 2020.
Deustuko jaiak 2020.

Deustuko Jai Batzordeak ohar baten bidez adierazi duenez, apirilaren 13tik 22ra ospatuko ziren Deustuko jaiak bertan behera uztea erabaki du ostegun honetan, koronabirusaren krisia dela eta.

Oharrean adierazi duten arabera, bezperara arte instituzioek argibide zehatzik eman ez badieten arren, antolatuta zeuden ekintza asko bertan behera geratu direla ikusita, gaur goizean Udalarengana jo dute, eta teknikariek jaiak ez antolatzea aholkatu diete. Gainera, azaldu duten arabera, Deustuko Jai Batzordeak «ez dauka egun egoera honi aurre egiteko baliabiderik».

Deustuko Jaiak dira urtean zehar antolatzen duten ekintzarik garrantzitsuena, Jai Batzordearen diru-iturririk handiena. Orain arte montatutako azpiegitura guztia 11.000 euroko zorra ekarriko diela adierazi dute. Datorren asteotan galera ekonomiko honi aurre egiteko neurriak iragarriko dituzte eta deustuar guztien laguntza «ezinbestekoa» izango dela adierazi dute.

«Eskerrak eman nahi dizkizuegu denbora luzez gure jaiak antolatzen jardun duzuenoi, babesa erakutsi diguzuen guztioi (konpartsa, komertzioak, kuadrillak…), jaietan parte hartzen duzuen lagunoi eta jaietara hurbiltzen zareten guztioi. Jakizue, gure esku dagoen guztia egingo dugu jaiak urtean zehar antolatzeko, Deustu ezin baita jairik gabe geratu!» gaineratu du Deustuko Jai Batzordeak.