NAIZ
BILBO

Bilboko Guggenheim museoak ere ateak itxi ditu behin behinean

Larunbata honetan hartu du erabakia museoak, atzorarte ateak zabalik izan baitzituen. Koronabirusaren zabalkundea ekiditeko asmoz, Guggenheim-ek behin behineko itxialdia eperik gabe jarri du abian, baina egunero programazio artistikoari buruzko eduki gehiago sortu eta webgunearen eta sare sozialen bidez zabalduko ditu.

Guggenheim museoak ateak itxiko ditu behin behinean. (Luis JAUREGIALTZO I FOKU)
Guggenheim museoak ateak itxiko ditu behin behinean. (Luis JAUREGIALTZO I FOKU)

Atzorarte ateak zabalik mantendu zituen Bilboko Guggenhim museoak baina larunbata honetan, koronabirusak sortutako salbuespenezko egoera aintzat hartu ondoren, aldi baterako instalazioak ixtea erabaki du. Hala baieztatu du hedabideei igorritako mezu batean.

«Osasun-agintarien gomendioak eta bai Eusko Jaurlaritzaren, bai Bizkaiko Foru Aldundiaren jarraibideak aintzat hartuta, Guggenheim Bilbao Museoak ateak itxiko ditu aldi baterako martxoaren 14tik aurrera, eta bestela adierazi arte, COVID-19aren zabalkundea geldiarazten laguntzeko xedez», dio oharrak.

Museoarentzat bisitarien, langileen eta kolaboratzaileen segurtasuna «lehentasunezkoa» dela argudiatuta, «programatutako jarduera guztiak ere bertan behera geratu dira bada ezpadako neurri gisa». Egoera berezira egokituz, museoaren webgunean espazio bat jarri da abian unean-unean edozein berri jakinarazteko.

Era berean, behin behineko itxialdian zehar Museoak barne-lanetan jarraituko duela erantsi du. «Zalantzaz beteriko uneotan publikoari lagun egiteko asmotan, bere programazio artistikoari buruzko eduki gehiago sortu eta webgunearen eta sare sozialen bidez zabalduko ditu egunero», amaitu du museoak.