Asier ROBLES
Elkarrizketa

Koronabirusak Deustuko Jaiak bertan behera utzi dituen arren, jaien espirituak bizirik dirau

Deustuko jaiak aurten bertan behera utzi behar izan dira, koronabirusaren hedapena dela eta. Baina hala eta guztiz ere, Seietan Kulunkan kuadrilla deustuarrak playback moduko bideo bat grabatu du, festen espiritua bizirik mantenduz.

Deustuko jaiak martxoaren 13an hasi behar izan ziren, baina justu aurreko egunean jai batzordeak festak bertan behera uztea erabaki zuen, koronabirusa gehiago heda ez zedin, Bilboko Udalaren agindu zuzenik jaso ez arren. Hiru egun geroago, martxoaren 15ean, igandean, konfinamendua hasi zen.

Etenaldiak galera ekonomiko handia ekarriko dio jai batzordeari, 11.000 euro ingurukoa, jada azpiegituraren zati handi bat jarrita zutelako, besteak beste, agertokia eta txosnak. Kolpe gogorra izan da jai herrikoientzat, ez baitute inolako laguntza instituzionalik jasotzen.

Hala eta guztiz ere, festen espiritua ez da hil. Jai batzordeak aurreko urteetako jaietako argazkiak sare sozialen bidez igotzeko ekimena jarri du martxan. Larunbat honetan, kuadrillen eta konpartsen arteko playback-a egingo zen egunean, Seietan Kulunkan kuadrillak bere playbackaren bideo bat argitaratu du, non kuadrillako hainbat kide etxetik antzezten ateratzen diren.

Igande honetako 17.00etarako, jai batzordeak balkoi eta leihoetara musikarekin eta jaietako zapiarekin ateratzeko deia egin du, “jaien amaiera ospatzeko".

Hurrengo asteetan galera ekonomikoari aurre egiteko egingo dituzten ekintzak iragarriko ditu Deustuko Jai Batzordeak. Horretarako deustuar guztien laguntza «ezinbestekoa» izango dela adierazi dute.