NAIZ

Azkuna Zentroak kultura-eskaintza sare sozialetara eraman du #AzEtxean kanpainaren bidez

Bilboko Azkuna Zentroa – Alondegiak #AzEtxean ekimena abiatu du koronabirusak eragindako egoeran «kultura garaikidea etxean bizitzeko». Astero, kultura proposamenak egingo dira eta e-liburutegi birtualera sartzeko aukera ere eskainiko da.

Alondegiko erakusketak ikusteko eskuragarri egongo dira interneten. (Monika DEL VALLE | FOKU)
Alondegiko erakusketak ikusteko eskuragarri egongo dira interneten. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Bilboko Udaleko Azkuna Gizarte eta Kultura Garaikideko Zentroak bere kultura-eskaintza sare sozialetara eta interneteko beste kanal batzuetara eramango du koronabirusak eragindako egoeran «kultura garaikidea etxean bizitzeko». #AzEtxean ekimenaren bidez, Zentroak kultura-programazioarekin jarraituko du.

Astero, arte garaikidearekin, arte eszenikoekin, soinuarekin, zinemarekin, ikus-entzunezkoekin, literaturarekin edo kultura digitalekin lotutako proposamenak egingo dira eta plataforma horren bidez eskura daitezkeen liburu, film eta dokumentalen gomendioak egingo dira. #AzEtxean ekimenari esker, e-liburutegi birtualera sartzeko aukera ere eskainiko da.

«Aldaketa egunak dira hauek, lan eta gizarte ohitura berrietara egokitzekoak. Baina krisi oro aukera bat da, eta Azkuna Zentroa-Alhondiga Bilbaok horrela bideratu nahi du une hau, kulturaz beste era batera eta beste asti batez gozatzeko aukera izan dadin», azaldu dute zentroko arduradunek.

Ateak itxita, leihoak zabalik

«Azkuna Zentroko ate fisikoak itxita dauden bitartean, parez pare irekiko ditugu sare sozialetako leihoak», azaldu dute webgunean. Beraz, #AzEtxean ekimenaren bidez, zentroak nahi du «hurbil egon, elkarri lagundu, elkarrekin konektatzen jarraitu» eta ate fisikoak itxita dituen arren, sarean dituen kanalen leihoak irekiko ditu «gure kultur programazioarekin bide horien bidez jarraitzeko».

Alondegiak sareko proposamenak eguneratzen eta gehitzen jarraituko du datozen asteetan, egungo egoerari aurre egiten laguntzeko.