NAIZ

30. urteurrenerako argitaratutako dokumentala sarean ikusgai jarri du Deustuko Herriko Tabernak

Deustuko Herriko tabernak 2017an bere 30. urteurrena ospatzeko argitaratu zuen ‘30 sugeren betsaretik’ dokumentala jarri du ikusgai sarean.

Koronabirusaren hedapenaren eraginez gaur egun bizi dugun konfinamendu egoeraren aurrean, Deustuko Herriko Tabernak ekarpen bat egin dio eta 30. urteurrena ospatzeko argitaratutako dokumentala sarean jarri du ikusgai.

2017an argitaratu zuten dokumentala. Bertan «30 urte luze bezain ederretan jasotako bizipenak» ditu kontagai: «Familia txikia izatetik, familia ugari bilakatu garen arte, istorio guzti horiek batera, gure etxea bihurtu denaren historia osatzen baitute».

1987ko abenduaren 23an ireki zuten Deustuko Herriko Taberna. Urte hauetan «asko izan dira tabernako sabaian dindilizka dirauen sugearen betsareak ikusitakoak, momentu onak bezain txarrak, ilunak bezain argiak; asko ere, taberna zahar honen hormek eutsitako argazki grisak, zuri-beltzekoak, kolorerik gabekoak, zintzilik egon behar ez eta oraindik ere hor jarraitzen dutenak», diote Deustuko Herriko Tabernako kideek.

Aurten, Deustuko Herriko Tabernak 33 urte betetzen dituenean, jendearen eskuetan jarri dute «mimo eta gogo handiz» ekoiztutako dokumenta hau. «Ez dezagun ahaztu nondik gatozen, gure sustraiak non dauden eta zergatik jarraitzen dugun amesten. Inork ez zigun esan bidea erraza izango zenik, baina urak bere bidea egiten duen lez jarraituko dugu guk gurea egiten, bidean eroritakoei, ziegan daudenei, etorriko direnei, omenaldirik ederrena, garaipena! Gora Deustuko Herria!», aldarrikatu dute.