Asier ROBLES

Larrialdi egoeraren aurrean elkartasunez erantzun dute Bilbotarrek

Koronabisuraren hedapenak sortu duen larrialdi egoerari elkartasunez aurre egiten ari dira bilbotarrak. Elkartasun sareak sortu dituzte Bilboko 16 auzoetan, eta orotara 1.200 boluntario baino gehiago daude. NAIZ BILBOTARRAk haietako batzuekin hitz egin du.

Bilboko alde zaharrean 'eutsi gogor' pankarta. (Marisol RAMIREZ/FOKU).
Bilboko alde zaharrean 'eutsi gogor' pankarta. (Marisol RAMIREZ/FOKU).

Martxoaren bigarren asterako koronabirusaren hedapena ikaragarria zen, eta Euskal Herrian emandako kasuak gero eta gehiago ziren. Horregatik, konfinamenduaren araua oraindik indarrean ez zegoela baina denbora gutxira neurri hori helduko zela aurreikusita, egoera horrek ekarriko zuen krisiari aurre egiteko antolatzearen beharra identifikatu zuten Bilboko hainbat herritarrek.

Auzo ezberdinetan asanblada irekiak antolatu, eta bertan, egoera berri honek ekarriko zuen krisiaz hausnartu, eta beharrak nondik etor zitezkeen hausnartu zuten. Behin zaintza sareen motorrak osatuta, protokola idatzi zuten, bai boluntario izateko baldintzekin (sintomarik ez zuten pertsonak, etxean arrisku taldeko kiderik ez zutenak...) bai zaintza eskaintzeko momentuan jarraitu beharreko pautak zerrendatu zituzten.

Ondoren, laguntza motaren bat behar zuen jendeak deitzeko telefono zenbaki bat eta mezu elektroniko bat ezarrita, hurrengo pausua egitasmoa ezagutzera eramatea izan zen. Horretarako sare sozialetaz baliatu ziren baina, batez ere, atarietan kartelak jarriz eta ingurukoekin zuzenean harremanetan jarriz zabaldu zituzten sareak jendartera. Alde Zaharrean, irudimena martxan jarriz, balkoietatik kuña informatiboak ere jarri dituzte. Komertzioek, farmaziak eta anbulatorioek arrisku taldeko kideei sareen berri eman diete ere bai. Deustuko sareak dioenez, «horrelako konfiantza helaraztea ezinbestekoa da».

Sareek diotenez, auzokideen erantzuna «espero baino askoz hobea izan da», eta boluntario talde handiak sortu dituzte. Indautxun eta Basurton 80 kide inguru, Deustun 100etik gora, Alde Zaharrean 170 bai... Orotara 1.200 pertsona baino gehiago osatzen dituzte 16 auzoetan sortu diren sareak. Arangoitin, San Inazio/Ibarrekolandan, Deustun, Erriberan, Uribarrin, Otxarkoagan, Santutxun, Bilbo Zaharrean, Alde Zaharrean, Abusun, Miribilla/San Adrianen, San Frantziskon, Zabalan, Indautxun, Basurton, Iralan, Errekalden eta Zorrotzan.

Barne antolakuntza

Auzo askok boluntario guztiak dauden whatsapp taldea sortu dute. Bertan informazio guztia botatzen da. Auzo batzuetan, auzokideren batek laguntza eskatzen duenean, koordinatzaileek bere bizitokia botatzen dute whatsapp taldetik, eta hurbil bizi den boluntario bat laguntza emateko prest agertzen denean harremanetan jartzen dituzte bi pertsonak, boluntarioak laguntza eskatu duen pertsonaren beharrizanak asetzen lagundu dezan.

Beste auzo batzuetan, aldiz, boluntarioek formulario bat betetzen dute bere bizitokia, izen-abizena eta telefono zenbakia jarriz. Ondoren koordinatzaileei laguntza eskaera bat heltzen zaienean, zuzenean jartzen dituzte harremanetan laguntza eskatu duen pertsona eta gertu bizi den boluntario bat.

Gero eta laguntza eskaera handiagoa

Lehenengo egunetan ez zituzten hainbesteko laguntza eskaerarik jaso, baina denbora pasa ahala gero eta jende gehiago jarri da sareekin kontaktuan eta ehunka pertsona lagundu dituzte jada. «Hasiera nahiko geldo zihoan dena baina azken egunetan eskaera gehiago jaso ditugu eta goraka jarraituko duela uste dugu», azaldu dute Indautxu eta Basurtoko sareko kideek.

Taldeak diotenez, orokorrean, jende gehienak janarien edo botiken erosketekin laguntzea eskatzen die, baina beste motatako eskaerak ere jaso dituzte: txakurra ateratzea, zaborra botatzea, bankutik dirua ateratzea gero banatzaileei ordaintzeko...

Errekaduen zerbitzuaz aparte, bestelako baliabideak pentsatzen eta horretarako lantaldeak sortzen hasi dira. Deustun adibidez, umeentzako aisialdirako baliabideak eskaintzen dituen taldea, konfinamenduaren egoeran euskaraz praktikatu ezin duten umeekin mintza-praktikak eskaintzeko taldea, eta maskarillak ekoizten dabilen taldea sortu dituzte. Bestalde, koronabirusaren krisi honek eragingo duen krisi sozialei aterabidea ematen hasteko lantaldeak ere sortzen hasi dira.

Elkartasun sareek adierazi dutenez, ezarritako protokoloa osasungintzako langileekin batera idatzi zuten. «Argibideak eman zizkiguten erarik onenean hori zelan egin genezakeen azalduz». Bestalde, farmaziekin eta anbulatorioekin daude kontaktuan.

Bilboko Elkartasun Sareak plataformak Bilboko Udalari biek ematen duten laguntza koordinatzeko eta sareen aitortza instituzionala eskatu dio. Horrek udal baliabideak boluntarioen esku jartzea ekarriko luke. Baina, herritarren sareak adierazi duenez, Udalaren erantzunaren zain jarraitzen du.

Bestalde, Bilboko Elkartasun Sareak jakinarazi duenez, badira zenbait egun udaleko zerbitzu sozialek laguntza behar duten pertsonak deribatzen dizkietela, zuzenean sareen kontaktuzko telefonoak emanez haiei ezer esan gabe. Bilboko EH Bilduk elkartasun sareak aitortzeko eskatu dio ere Udal Gobernuari.

Etorkizunari begira

Larrialdi egoera honetaz aparte, kalitatezko sektore publikoaren garrantzia nabarmendu du Maialen Gagok, Bilboko Elkartasun Sareak plataformako kideak: «Larrialdi egoera batean aurkitzen garela ez dugu ahaztu behar; eredugarria da jendearen erantzuna, baina gizarte zerbitzuak ezin dira horretan sustengatu. Ezin dugu ahaztu zerbitzu hauek ematen dituzten sektore ezberdinen egoera eta bertako langileek pairatzen duten errealitatea, hala nola, etxez etxeko zerbitzukoek edota zahar etxetako langileek. Aukera ezin hobea dugu egoera horren inguruan hausnartzeko eta kalitatezko sektore publiko baten aldeko pausuak emateko. Larrialdi egoera bukatuko da, baina kolektibo zaurgarriek arreta berezia beharko dute gerora ere».