NAIZ

Bertan behera geratu dira Galdakaoko Santakurtz jaiak

Aurten ez da ohiko Santakurtzik izango Galdakaon. Bai Kultura Batzordearekin eta bai Jai Batzordearekin bildu ondoren, iraileko jaiak bertan behera uztea erabaki du udalak. Jaietarako gordea zegoen diruaren zati handi bat covid-19ak herritarrei eragindako kalteak arintzera bideratuko da.

Galdakaoko Santakurtzak 2013. (Monika DEL VALLE/FOKU).
Galdakaoko Santakurtzak 2013. (Monika DEL VALLE/FOKU).

Galdakaoko Udalak ohar baten bidez azaldu duenez, dagoeneko antolaketa lan asko aurreratuta egon arren, «erabaki zaila» hartu behar izan dute, «ohituta gauden Santakurtzetan ezinezkoa izango litzatekelako herritarren babeserako neurriak mantentzea».

«Oraindik etor litekeena ezin asma litekeen arren, inork ez du zalantzan jartzen jende pilaketak saihestu beharra, eta ezagutzen ditugun jai ereduan, hori ezinezkoa da. Hortaz, jaietarako gogorik falta ez zaigun arren, zentzuz eta arduratsu jokatzea egokitzen zaigu, eta herritarrek ulertuko dutelakoan gaude» dio Udalak.

Udalak erabakia Jai Batzordearekin eta udaletxeko kultur arloko zinegotzi eta teknikariak zein alderdi politiko guztietako ordezkariak biltzen dituen Kultura Batzordearekin kontrastatu ondoren jakinarazi du erabakia.

Udalak Jai Batzordeak adierazitako babesa bereziki txalotu du, «bileran parte hartu duten 20 elkarteetako ordezkariek aho batez eman baitiote atxikimendua jaiak bertan behera uzteko erabakiari, haiek kontutan hartu izana berariaz eskertu ondoren».

Horrenbestez, aurtengo Santakurtzak bertan behera geratzen direla jakinarazten du udalak, eta jai horietan erabiltzekoak ziren diruak pandemiak gogorren kaltetu dituen herritarrak laguntzera bideratuko direla. Horren barruan kultur eskaintzari begira ere jarriko da udala, «herritarrei eskaintza zabaldu eta artistak, haien lanak kontratatuta, lagunduta».