Asier ROBLES

Iratik bere gurasoekin Euskal Herrian egoteko duen eskubidea aldarrikatu dute Bilbon

Bere gurasoak Aranjuezeko kartzelan dituen bi urteko haurraren egoera salatu, eta haurren zein gurasoen eskubideak bermatuko dituen espetxe-politika aplikatzea eskatu du ‘Irati Gurasoekin Euskal Herrira’ dinamikak larunbat honetan Bilbon.

‘Irati Gurasoekin Euskal Herrira’ dinamikaren agerraldia. (Marisol RAMIREZ/FOKU).
‘Irati Gurasoekin Euskal Herrira’ dinamikaren agerraldia. (Marisol RAMIREZ/FOKU).

‘Irati Gurasoekin Euskal Herrira’ dinamikak agerraldi publikoa egin du larunbat goiz honetan Bilboko Arriaga plazan. Bertan, Irati eta Euskal Herriko hainbat haurrek bizi duten egoera azaldu dute Onintza Enbeita bertsolaria, Ane Zabala kazetari eta aktorea eta Porrotx pailazoaren laguntzarekin.

Hasteko, covid-19aren eraginez ezarritako alarma egoerarekin, espetxeetako egoerak okerrera egin duela gogoratu dute,nabarmen, kasu askotan, presoak eta haien senideak muturreko egoeretara eramanez».

Iratik bi urte ditu eta bere gurasoekin bizi da Aranjuezeko espetxean, baina koronabirusak eragindako larrialdi egoera honek aiton-amonekin (espetxetik kanpo) harrapatu zuen eta amarengana itzultzea debekatu zioten konfinamenduaren lehenengo hilabeteetan.

Maiatza amaieran, bi hilabete geroago, Iratik bere gurasoekin berriz egotea lortu zuen. Baina ekitaldian gogoratu dutenez, Iratik 3 urte beteko ditu 2021eko martxoan, eta espainiar legediak agintzen du haurrak 3 urte betetzean bere gurasoengandik banatu behar duela.

Horregatik, Irati eta bere gurasoen eskubideak bermatzeko, eta sakabanaketak ezartzen dituen arriskuak saihesteko, Irati eta gurasoak Zaballako espetxera ekartzea exijitu dute. Halaber, Zaballako espetxea amatasuna eta aitatasuna zein haurren eskubideak errespetatuak izan daitezen prestatzea eskatu dute, hau da: Modulu mistoa zabaltzea eta Euskal Herriko espetxeen menpeko pisuak irekitzea, erregimen irekikoak.

Izan ere, ‘Irati Gurasoekin Euskal Herrira’ dinamikako kide batek gogoratu duenez, ehun haur baino gehiago dira ama edo aita kartzelan dituztenak, eta 15 haur biak dituztenak. Gurasoak ikusteko, astebururo ehunka kilometro egin behar dituztela salatu dute, eta egoera honek konponbide «erraza eta bideragarria» duela nabarmendu dute, «sakabanaketa politikarekin bukatzea».

Haurren eskubideak

Onintza Enbeita bertsolariak Katixa Agirre idazlearen hitz batzuk irakurri ditu ekitaldian. Umeei mina egiteko modu ugari daudela gogoratu du, eta «modurik zabalduena, oharkabean pasatzen zaiguna, umeak bigarren mailako pertsonak konzideratzetik» datorrela. «Txikiak izateagatik, kexatzen ez direlako, ahotsa altxatu ezin dutelako ez dute eskubide gutxiago, aitzitik, horregatik hain zuzen ere, eskubide gehiago izan beharko lituzkete», adierazi du Enbeitak.

Horregatik, gizarte aurreratu batek bere txikiak zaintzeko «ahalegin guztiak egin beharko» lituzkeela nabarmendu du. «Ume bat bizi daiteke bizikletarik gabe, igerilekurik gabe, marrazki bizidunak ikusi gabe, musika eskolarik gabe... gauza gutxi behar ditu ume batek benetan, baina badago bat guztiz beharrezko zaiona: gurasoen babesa, maitasuna eta gertutasuna» hausnartzen du Agirrek bere idazkian. Iratik behe gurasoekin egoteko beharra eta eskubidea dauka.

«Irria eta borroka uztartu»

Porrotx pailazoak ‘Onditz Euskal Irrira’ ekimena ekarri du gogora. Orain dela 20 urte jaio zen Onditz donostiarra. Bere ama espetxean zegoen eta Martutenera ekarri zuten. ‘Onditz Euskal Irrira” ekimena antolatu zuten orduan Pirritx eta Porrotxek, jende askorekin batera.

20 urte pasa, eta egoera ez dela aldatu salatu du Porrotxek. «Gaia larria da eta ezin zaio luzapen gehiagorik eman. Euskal presoak etxean behar ditugu orain. Hortzak erakutsi behar ditugu, irri egiteko. Irria eta borroka uztartuz bultzada eman behar diegu giza eskubideei», adierazi du Porrotxek.

Ekimenarekin bukatzeko Porrotxek Imanol Urbietaren ‘Agur bat, lagun maite’ kanta abestu du.