Arnaitz Gorriti

Finalerdiak ia ezinezko jarri zaizkio Bilbao Basketi Joventuten aurka luzapenean galduta (79-86)

Irabazita izan du talde bilbotarrak partida, baina Connor Morganek 73na berdintzea lortu du. Luzapenean, partida osoan ez bezala, atzean geratu dira Alex Mumbrurenak, eta zenbait errebote zein jaurtiketa libretan hutsegin dutelako, galtzaile suertatu dira. Thomas Schreinerrek egundoko sustoa eman du, ia lesio larria izan baitu ezkerreko belaunean.

Ben Lammersek bost txapel jarri ditu eta  partida bikaina jokatu du, baina bi jaurtiketa libre garrantzitsutan kale egin du. (P. CASARES / ACB PHOTO)
Ben Lammersek bost txapel jarri ditu eta partida bikaina jokatu du, baina bi jaurtiketa libre garrantzitsutan kale egin du. (P. CASARES / ACB PHOTO)

RETABET BILBAO BASKET 79 - JOVENTUT 86

RETAbet Bilbao Basketek luzapena jokatu behar, nola ez ba! Bere zoritxarrerako, irabazita izan duen partida galdu egin du, nahiz eta markagailuan ia beti aurretik ibili.

«Luzapenaren aurretik sartu izan bagenu, edo jaurtiketa libreetan asmatu izan bagenu, aukera izango genukeen irabazteko. Xehetasun nimiñoek kendu digute garaipena», esan du partida amaitu berritan Alex Mumbru Beltzezko Gizonen entrenatzaileak.

Modu honetan, 0-2 jarri dela, talde bilbotarrak ia ezinezko dauka finalerdietara sartzea. Iberostar Teneriferen aurkako igandeko partida hil ala bizikoa izango da bizkaitarrentzat.

Kulboka ez da jokatzeko moduan egon eta bestetik, Serron eta Tomeu Rigok jokatu duten arren arazo fisikoak izan dituzte –koliko bat Rigok, giharretako uzkurdura bat Serronek–. Jaylon Brownek berotze ariketak egin ditu, nahiz eta ez den jokatzeko gai izan.

Serron hasierako bostekoan sartuta, nahiko ongi ekin dio talde bilbotarrak partidari. Erasoko errebotera indartsu joanez eta Ondrej Balvin Omicen aurrean nagusi izan dela, Bilbao Basketek 13-6ko partziala lortu du hasteko. Alabaina, Joventutek Klemen Prepelic izarra atera du kantxara –Bartzelonaren aurka ez zuen jokatu asteazkenean–, baita Nenad Dimitrijevic antolatzailea ere, eta bien artean markagailuari buelta eman diote. Hala, Rousellek azken orduan sartu duen saskiraketa eta guzti, aurreneko laurdena 22-23 amaitu da kataluniarren alde.

Ez da asko estutu talde bizkaitarra bigarren laurdenean, eta atsedenaldira 45-43 aurretik iristea erdietsi du, nahiz eta Joventuteko Prepelic eskoltak 14 puntu saskiratu. Esloveniarra kantxan dela kataluniarren defentsa asko makaltzen da eta ederki baliatu du hori Bilbao Basketek. Atzean, berriz, erreboteetan nagusi izan dira Alex Mumbruren mutilak, eta hori gutxi balitz, Ben Lammersek hiru txapel jarri dizkie Joventuteko jokalariei.

Baskoniaren aurkako derbian ez bezala, Joventutek ezin izan dio fisikoki gaina hartu talde bilbotarrari eta gainera hirukoetan nahikoa txukun aritu dira. Tarteka Joventut aurretik jarri bada ere, Schreinerren hiruko bikain batek 45-43 laga du markagailua atsedenaldian.

Atsedenalditik bueltan, gogorrago defenditu beharrean direla salatu dute talde bietako entrenatzaileek eta bilbotarrak izan dira atzealdeko lan hori hobekiago burutu dutenak. Hutsegite gutxi batzuek eginagatik, Bilbao Basketek aldea atera dio Joventuti 7-0eko partzialaren ostean eta Badalonako taldea bost minutuz punturik saskiratzeke laga du.

Schreinerren lesioak dena aldatu du

Ez du, ordea, markagailuan behin betirako hanka egiterik lortu Bilbao Basketek. Prepelicen eskutik, Joventutek hurbiltzea lortu du eta laurdenaren azken aldera gainera, Thomas Schreinerrek min hartu du ezkerreko belaunean, 100 kilo baino dezente gehiago pisatzen dituen Alen Omic aurkaria gainera erori ostean. Hasieran uste zena baino lesio leunagoa izan dela dirudi, austriarra berotzen ikusi ondoren.

Kontuak kontu, azken laurdenera 56-50 aurretik iritsi dira Beltzezko Gizonak, Jonathan Rousellen «bi gehi bateko» jokaldi baten ostean. Hala ere, Joel Parra gaztearen eskutik, Joventutek neurketa berdindu egin du 1-7ko partzial baten bidez eta Alen Omicen saskiratze batek 57-59 aurreratu du talde kataluniarra. Joventutek defentsa asko hobetu du eta Mumbruk ezin izan du hutsartea eskatu baino, markagailua 59-63 kontra jarri zaion unean, nahiz eta artean bost minutuz goitik falta partida amaitzeko.

Schreiner jokora itzuli arazi du Mumbruk eta neurri handi baten partida horrek asko aldatu du. Joventut 61-66 aurreratu da eta neurketa gogortu eta «zikindu» beste aukerarik ez zaio geratu talde bilbotarrari. Bere zorionerako, 8-0eko partzial baten bidez aurrea hartu du ostera ere –Rafa Martinez azeri zaharrak zerikusirik izan du–, neurketa azken hiru minutuetan dela.

Ben Lammersek 73-71 aurreratu du Bilbao Basket eta azken segundoetara markagailua mugitzeke iritsi da. Eta azkenaurreko jokaldian, zeinek eta Connor Morganek sartu du 73nakoa, bere bizitza profesionaleko partidarik txarrena atonduz nolabait. Rousellek, ordea, ezin izan du luzapena saihestu.

Morgan eta Lopez-Arostegi, borrero

Morganek, antza, argia eta saskirako bidea aurkitu ditu 73nako saskiratze horrekin eta luzapenean Joventuti bost puntuko aldea eman dio. Horrez gain, Alen Omic eta Albert Venturak sekulako mina eman dute ezustean hainbat errebote hartuaz.

Alabaina, Bilbao Basketek ez du etsi eta 79-80 hurbildu da, eta Ben Lammersek bi jaurtiketa libre izan ditu markagailuari buelta emateko. Zoritxarrez, biak hutsegin ditu Texasko pibotak, eta hurrengo erasoaldietan Xabi Lopez-Arostegi getxoztarrak errematea jarri dio Bilbao Basketi.

UNICAJA 73 - BARTZELONA 84

Dizdira handirik atera ez badu ere, Bartzelonak finalerdietarako bidea argi xamar dauka. Unicajak oso ederki ekin dio neurketari, baina minutuek aurrera egin ahala blaugranen defentsak itota, hirukorik asmatu ezinda eta pertosalekin konpondu ezinda, katalanen aurrean amore eman behar izan du.

Volodomir Gerun ukrainiarraren eskutik, Unicajak 11-4 aurrera egin du aurreneko minutuetan. Lehenengo bi laurdenetan Malagakoek eraman dute jokoaren ekimena, nahiz eta asteazkenean ez bezala, hiruko jaurtiketetan asmatu ezinik ibili. Atsedelandira 41-38 iritsi da markagailua, bain aordurako ikusi da Bartzelonak, dizdirarik ezean, lana beltz egiteko jokalariak erabiliko dituela.

Hala, Nikola Mirotic izarra aulkian dela eman dio azkenean buelta markagailuari Svetislav Pesicen taldeak. Unicaja ito egin da erasoan. Barruko jokalariei eta Dario Brizuela eta Josh Adams lako barneratzaile zorrotzei bidea itxi die Bartzelonak, eta kanpotik Gal Mekelek, Axel Bouteilleek eta Waczynskik ez dute beren eguna izan; orotara, 27 hiruko bota eta 4 bakarrik saskiratu dituzte andaluziarrek.

Brandon Davies, Adam Hanga eta Ante Tomic –bikain kroaziarra, 16 puntu eta 7 erreboterekin– nahikoa izan dira azken laurdenera Bartzelona aurretik eramateko: 56-59. Azken minutu horietan bai, orduan Nikola Mirotic azaldu da eta hantxe zapuztu dira Unicajaren itxaropen apurrak, Montenegrokoaren mailak diferentzia zabaldu egin baitu azken minutuetan.

Aitana Vergara, Barakaldora utzita

Emakumeen saskibaloiari dagokionez, Lointek Gernika Bizkaiako harrobiko jokalari Aitana Vergarak utzita jokatuko du datorren denboraldian LF2-ko HGB Ausarta Barakaldo taldean.

Eskolta bilbotarra Barakaldora joango da bere jokorik onena berreskuratzeko nahiaz, bi lesio larri nozitu ostean azken bi urteak kantxetatik at egon ondoren. Vergarak, Lointek Gernika Bizkaiaren lehen taldeko aurredenboraldietan ohikoa bera, berriro saskibaloiaz gozatu nahi du.

19 urteko gazteak HGB Ausarta Barakaldok emandako aukera hau guztiz baliatu nahi du. «Azken bi urteetan ia jokatu gabe egon ondoren sentsazioak berreskuratu, lesioak ahaztu eta atzean utzi nahi ditut. Hortik aurrera jokalari eta pertsona moduan hobetzeko aukera ezinhobe hau baliatu nahi dut eta batez ere saskibaloiaz berriro gozatu. Barakaldori ahalik eta gehien lagundu nahi diot bere helburuak lortzeko nahiean», esan du Gernika Bizkaiaren webguneari eginiko adierazpenetan.