Bilboko Elkartasun Sareek beren lana baloratu eta Udalaren jarrera kritikatu dute

Bilboko Elkartasun Sareek koronabirusak sortutako krisiaren aurrean egindako lana baloratu eta Udalak haien lana «oztopatzen eta neutralizatzen» saiatu dela salatu dute. Bestetik, «behetik eraikitako sareak, gehiengo sozialaren duintasuna eta bizitza duina bermatuko dituzten tresnak direla» nabarmendu dute.

Asier ROBLES|2020/06/30
Captura_de_pantalla_2020-06-30_a_las_12.30.26
Bilboko Elkartasun Sareen prentsaurrekoa. (Aritz LOIOLA/FOKU).

Bilboko Elkartasun Sareek Udaletxearen aurrean egindako prentsaurrekoan gogoratu dutenez, martxoaren 13ko asteburuan koronabirusaren hedapena gelditzeko konfinamendua hasi eta martxoaren 16ko astean elkartasun sareak martxan jarri ziren Bilboko auzo askotan, Euskal Herriko hainbat herri eta auzoetan gertatu bezala. «Lehen momentutik argi ikusi zen pandemia batek ez duela gizarte honen elkartasuna eta bokazio kolektiboa gelditzen», diote.

Aurkeztu dituzten datuen arabera, ia 1300 bolondres-auzogile izan dira Bilboko auzoetako elkartasun sareetan aktibatu direnak eta euren auzokideak laguntzeko prest agertu direnak. Martxoaren aste horietatik hona 1000 errekadu inguru egin dituzte, hala nola, erosketak egin, auzoetako komertzio txikiarekin elkarlanean jardun edota ehunka ikasleei euskara klaseak jasotzeko aukera ireki.

Hala ere, bidean topatutako egoera zailak «askotarikoak» izan direla aitortu dute, «batez ere, prekarietatean eta bazterketa sozialean bizi diren pertsonekin lotutakoak».

Egoera horiei guztiei modu egokian aurre egiten saiatu direla argitu dute, betiere bi printzipio argi izanik: «Auzokideen arteko sareak ezinbestekoak direla elkarzaintzeko, eta pertsona guztiok eskubidea daukagula bizitza duin bat izateko. Badakigu ere milaka eta milaka izan direla konfinamenduan zehar, modu inprobisatu eta ez antolatuan, gure etxebizitza blokeetan eta auzuneetan gertatu diren elkarlaguntza keinu eta jarrerak. Horiek ere balorean jarri nahi ditugu».

Instituzio publikoen jarrera

Bestalde, covid-19ak utzi duen errealitate bakarra ez dela hori izan adierazi dute. Instituzio publikoek izan duten jarrerari buruz hausnartu dute, eta etorkizun hobeago bat eraikitzeko ezinbestekotzat jo dute pandemiak utzitako alde negatiboak nabarmentzea.

Erakundeen jarrera salatu dute elkartasun sareek. Diotenez, «hasiera batean boluntarioen sare horien sorrera eta garapena neutralizatzen eta oztopatzen saiatu ziren». Gainera, Bilboko Udalarekin egindako bilera askotan egoera txarrean zeuden pertsonei laguntzeko baldintza duinak eskatu zituztela adierazi dute, eta askotan Udalaren aldetik ez zutela «erantzunik jaso» edo ez zituztela «denbora nahikoarekin artatu» nabarmendu dute.

«Gure helburua okerren zeuden pertsonei laguntzea izan da, baina erakundeen jarrerak helburu hori zaildu edo oztopatu duela iruditzen zaigu. Argi daukagu elkartasun-sareak bokazio komunitario eta kolektibo batetik sortu zirela, baina argi daukagu, halaber, zerbitzu publikoek eta gizarte-babeseko sistemak artatu beharko lituzketen zerbitzuak eman ditugula. Gure existentzia eta jarduera soilak agerian utzi du zerbitzu publiko horiek ez direla nahikoak, eta indartu eta zabaldu egin behar direla. Ez da onargarria pertsona batzuk gizarte-estaldurarik, zaintzarik edo elikagairik gabe geratzea, lanik, etxebizitza duinik edo sare komunitariorik ez dutelako» adierazi dute.

«Zerbitzu publikoetako langileei aitortza»

Aldebiko errealitate baten aurrean aurkitu direla azaldu dute: «Alde batetik, zerbitzu publikoen ahulezia agerian geratu da eta bestalde, zerbitzu publiko horietako langileen prestutasuna, lana eta duintasuna itzelak izan dira». Hori dela eta, «elkartasuna eta aitortza» adierazi diete ospitaletan, oinarrizko zerbitzu sozialetan, etxez etxeko laguntzan edota pertsonan zaurgarrienen zaintzan aritu diren langile horiei guztiei. «Haiek gabe covid19ari aurre egiteko ezinezkoa suertatuko litzateke».

«Badakigu une gogorrak pasa dituztela eta badakigu, era berean, etorkizunean funtsezkoa izango dela zerbitzu publiko horietako langileen bizi baldintza duinak bermatzea. Haiek gure ondoan egon diren bezala, gu haien ondoan egongo gara etorkizunean ere» argitu dute.

«Arazoa ez da hemen amaitzen»

Bestalde, uste dute arazoa ez dela hemen amaitzen, eta covid-19ak, osasun-krisia eragiteaz harago, egoera sozioekonomiko zaila ere eragin duela, «batez ere pertsona ahulenentzat».

Ziurtatu dutenez, hasieran artatutako kasu gehienak etxetik ateratzeko ezintasunarekin lotuta zeuden arren (adinekoen bakardadea, COVIDen aurrean kalteberatasun berezia duten pertsonentzat erosketak egitea...), azken aste hauetan krisi ekonomikoaren ondorioei lotutako kasuak izan dituzte: «Alokairuari aurre egin ezin dioten pertsonak, gizarte-babeseko sistemak abandonatutako pertsonak... kasu askotan ikusten da pandemia ez dela berdina pertsona guztientzat. Pandemiak pertsona prekarioenak eta ahulenak jo ditu», argitu dute.

«Gure hirian ez dira falta izan eta etorkizunean ere, ez dira faltako, elkartasunean oinarrituriko ekimenak eta mugimenduak. Horregatik diogu Elkartasun Sareak beste mugarri bat gehiago izan direla, horregatik diogu elkartasun sareak eraikitzen jarraituko ditugula, eta horregatik diogu, hain zuzen ere, elkartasun sareak pertsonon bizi baldintza duinak bermatzeko filosofia eta praktika politiko bat direla. Behetik eraikitako sareak eta espazioak izango dira gehiengo sozialaren duintasuna eta bizitza duina bermatuko dituzten tresna bakarrak. Guk argi daukagu, hortik eraikiko dugu etorkizuna», adierazi dute.

 

Marisol RAMÍREZ / FOKU
Loading player...