NAIZ

Autobus turistikoa ostegunean, uztailak 2, itzuliko da Bilbora

Bilboko Autobus turistikoak hirian zehar ibiliko dira berriro, leku berezi eta esanguratsuenak erakusteko, eta gainera, Mugikortasun eta Jasangarritasun Sailak bi autobus hibrido jarri ditu, «zerbitzua irisgarriagoa, jasangarriago eta modernoagoa izan dadin».

Bilboko autobus turistikoa.
Bilboko autobus turistikoa.

‘Bilbao City Tour’ zerbitzuko autobusak 55 minutuko bidaia interaktiboa egiten du. Ibilbidea Guggenheim Museoan hasten da eta hiriko 11 leku hauetatik pasatzen da: Guggenheim museoa, San Mames, Itsas Museoa eta Euskalduna Jauregia, Arte Ederren Museoa, Azkuna Zentroa, Kale Nagusia 7, Arriaga antzokia, Erriberako merkatua, udaletxea, Zubizuri eta Artxandako funikularra eta Deustuko Unibertsitatea. Paperik ez erabiltzeko, ibilbidearen planoa QR kode baten bidez ematen da.

Uztailetik irailera bitartean izaten da bisitaririk gehien, eta aldi horretan autobusa ordu erdian behin aterako da, 10:30etik 19:30era bitartean. Urteko gainerako hilabeteak behe denboralditzat jotzen dira, eta zerbitzua ordu batean behin ematen da, 10:30etik 19:30era.

Txartelaren prezioa 15 euro da helduentzat, eta 7 euro 6 eta 12 urte bitartekoentzat eta 6 urtetik beherakoentzat. Txartelak 24 orduko balioa izango du lehen aldiz erabiltzen edo balioztatzen denetik. Tiketak autobusean bertan eta baimendutako salmenta tokietan eros daitezke, bai eta Internet bidez ere, bilbaocityview.es web orrian.

Mugikortasun eta Jasangarritasun Sailak autobusak egokitu ditu bidaiarientzako eta gidarientzako osasun eta segurtasun protokoloak betetzen direla bermatzeko. Horrela, autobus turistikoak Aenor erakundearen ziurtagiria du covid-19aren aurkako kudeaketa protokoloetan.

Ezaugarriak

Bidaia turistikoak egiten dituzten autobusek bi solairu dituzte, panoramikoak dira eta euria egiten duenerako jarri eta kentzeko sabai bat dute. Gainera, ostegunetik aurrera, zerbitzua ematen duten bi autobus berriak izango dira, hibridoak, ingurumenean eragin txikiagoa izan dezaten.

Autobus turistikoek 71 plaza dituzte eta irisgarriak dira. Gurpildun aulkietan doazen pertsonentzako arrapala eta mugikortasun urriko pertsonentzako bi aulki dituzte. Horrez gain, zeinu hizkuntza, ahots mapa, braille seinaleak eta wifia dituzte.

Halaber, autobus turistikoak audio-gida zerbitzu osoa prestatu du bidaiariek ibilbideko lekuen eta hiriaren historia eta informazio garrantzitsuena ezagutu ahal izateko. Informazioa 13 hizkuntzatan dago eskuragarri (euskara, gaztelania, ingelesa, frantsesa, alemaniera, italiera, portugesa, japoniera, errusiera, txinera, arabiera, galiziera eta katalana), eta haurrei zuzendutako hiru kanal daude.