NAIZ

Euskaraldiaren bigarren edizioa aurkeztu dute Bilboko hainbat eragilek

Bilboko Itsas Museoan egindako agerraldian aurkeztu zuten atzo azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo den Euskaraldiaren bigarren edizioa. Juan Mari Aburto Bilboko alkateaz gain, hainbat erakundek, elkartek eta enpresetako ordezkarik parte hartu zuten ekitaldian.

Euskaraldiaren aurkezpena, Bilboko Itsas museoan. (Euskaraldia)
Euskaraldiaren aurkezpena, Bilboko Itsas museoan. (Euskaraldia)

Euskalraldiaren bigarren edizioa aurkeztu zen atzo arratsaldean Bilboko Itsas Museoan. Lehen edizioan Euskaraldiak izan zuen eragina nabarmena izan zen Bilboko kaleetan ere eta bigarren edizioan eragina areagotzeko ariketak elementu berriak izango dituela gogoratu zuten antolatzaileek. 2020ko edizioa azaroaren 20tik abenduaren 4ra ospatuko da.

Aurten ere herritarrek ahobizi eta belarriprest rolen bidez parte hartzeko aukera izango dute, eta horrez gain, aurten antolatzaileek dei egin diete era guztietako entitate, erakunde, elkarte eta taldeei, beraien erakundeetan euskaraz aritzeko guneak identifikatu eta babestu ditzaten. Horretarako, arigune izena hartu duten espazioak sortzen ari dira jadanik bai Bilbon eta baita Euskaraldia antolatzen ari den Euskal Herriko gainontzeko herri eta hirietan ere.

Hizkuntza ohiturak astintzeko bidean herritarren hautu linguistikoaz gain, euskaraz lasai aritzeko guneak identifikatzea garrantzitsua dela gogoratu zuten antolatzaileek eta horri erantzuteko sortzen ari direla aipatutako ariguneak.

«Pausu bat gehiago eman»

Atzoko ekitaldia Euskaraldiari Bilbon lehen bultzada emateko baliatu zuten antolatzaileek. Bilboko alkate Juan Mari Aburtok parte hartu zuen ekitaldian egon ziren hiriko hainbat erakunde, elkarte eta enpresetako ordezkariak eta baita auzoz auzo antolaketa lanetan murgilduta dauden euskaltzaleak ere.

Miren Barañano Karmelo ikastolako zuzendaria eta Mikel Martinez aktorea testua irakurtzeko arduradunak izan ziren. «Euskaraldiaren bigarren edizio honetan pausu bat gehiago eman nahi izan dugu, hizkuntza ez baita soilik hiztunei dagokien auzia, euskaraz gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan aritzeko espazio, gune eta funtzioak euskalduntzea ere garrantzitsua da», azaldu zuten. «Horregatik, aurten ariketara batzeko deia egin nahi dizuegu era guztietako elkarte, erakunde, komertzio, ostalari, enpresa, kirol talde eta kolektiboei», eskatu zuten Barañanok eta Martinezek.