Gizon bat atxilotu dute Basaurin, Galdakaoko taberna batean kalteak eragin eta ihes egiten saiatzeagatik

Ertzaintzak 25 urteko gizonezko bat atxilotu du asteazken honetan Basaurin, Galdakaoko taberna batean kalteak eragiteagatik, beste hiru gizonekin batera segurtasun zaintzaileari erasotzeagatik eta auto batean ihesi zihoala ertzain bat harrapatzen saiatzeagatik, Lakuako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.

NAIZ|2020/07/29

Gertaerak 02.00ak aldera izan dira, Galdakaon, pertsona batek Herritarren babeserako patruila bati egindako deiaren arabera, lau pertsona kalteak eragiten ari zirenean eta segurtasuneko zaintzaileari eraso egin diotenean.

Lakuako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, ertzainak bertaratu dira eta erasotzaileak aurkitu dituzte, ibilgailu batekin kale txiki batetik atera nahian. Poliziaren kontakizunaren arabera, agenteek bidea moztu diete auto ofizialarekin, eta kaletik irtetea eragotzi diete. Ondoren ertzainak autotik atera dira eta ibilgailutik irteteko esan diete bidaiariei, baina gidariak ez die jaramonik egin eta, irteeraren kontrako noranzkoan abiatu ondoren, pibote batzuk aurkitu ditu. Orduan, atzealdean zihoazen bi gizonek ihes egiteko aprobetxatu dute.

Ertzaintzak dioenez, jarraian, kopilotua autotik jaitsi da, baina gidariak, hainbat maniobra egin ondoren, ibilgailua ertzainengana zuzendu du. «Hori ikusita, agenteek ibilgailua gelditzeko agindu diote berriz ere, eta bat-batean haiengana zihoala ikusita, ertzain batek hiru tiro egin ditu airera. Agentea bidetik kendu da eta lurrera bota du bere burua, autoak ez harrapatzeko».

Ondoren, ertzainek kopilotua identifikatu dute eta, hainbat ikerketa egin ondoren, gidaria Basauriko bere etxean atxilotu dute, agintaritzaren agenteen aurkako ustezko atentatu delitu bat egotzita.

Ertzaintzak ikertzen jarraitzen du autoan zihoazen beste bi gizonak nor diren jakiteko, eta kopilotua ikertzen ari dira, kalte eta eraso delitu bat egotzita. Atxilotuak aurrekariak ditu, eta asteazken honetan eramango dute Bilboko guardiako epaitegira.

 

Marisol RAMÍREZ / FOKU
Loading player...