Bilbao Ekintzak euskara eskakizunik gabeko lanpostu berri bat sortu duela salatu du ELAk

ELAk salatu duenez, Bilbao Ekintzak udal-erakundeak euskara eta ingelesa eskakizunik gabeko Goi Teknikari lanpostu berri bat sortu du. Legea «ez betetzeaz» gain, euskararen normalizazioan «anbizio gutxi» izatea egotzi dio ELAk Bilbao Ekintzari.

NAIZ|2020/07/30
Ayuntamiento_de_bilbo
Ayuntamiento de Bilbo.

Bilboko Udaleko ELAk salatu duen arabera, Bilboko Udalak lanpostu berri bat sortu du Bilbao Ekintza enpresa publikoan, inolako euskara eskakizunik gabe eskainiko duena, «nahiz eta legeak propio jasotzen duen lanpostu berriei hizkuntza-eskakizuna esleitu behar zaiela».

Bilbao Ekintza Bilborako ekonomia- eta gizarte-aberastasunaren sorrera sustatzen duen udal-erakundea da, eta bere webgunean azaltzen duen arabera horretarako «hiria bultzatzen du inbertitzeko leku erakargarri gisa eta enpresak sortzen eta hazten laguntzen du, laneratzeko aukerak hobetzen dituela».

ELAk adierazi duenez, lanpostu berri hori «ez da nolanahikoa», eta Merkataritzarekiko Harremanetarako arduradunaren lanpostua da. Izan ere, postuaren deskribapenean hurrengoa jartzen du: «Kirol-, kultura- eta biltzar-ekitaldiak eta hiri-ekitaldi handiak egitea eskatzen duten neurri/jarduera logistikoak, antolakuntzakoak, segurtasunekoak eta abar koordinatzea, udal-arlo eta -enpresa, herri-administrazio eta sustatzaile/entitate/enpresa sustatzaile nazional eta nazioartekoekin».

ELAk argitu duenez Bilboko eta kanpoko enpresekin, merkatariekin, ostalariekin eta erakundeekin harreman zuzena izan beharko duen pertsona batek beteko du lanpostu hori.

Euskararen normalizazioan «anbizio gutxi»

Hori dela eta, «legea ez betetzeaz gain» Bilbao Ekintzak euskararen normalizazioan «anbizio gutxi» duela salatu du sindikatuak, «bai barne harremanetarako, bai kanpo harremanetarako». «Enpresak ez du euskara normalizatzeko plan eraginkorrik, eta ez du plan hori egiteko asmorik», dio.

«Gainera, postu berrirako ingelesa ere ez dela eskatzen konturatuta, susmoak ditugu zergatik edo zertarako asmatu duen Udalak postua», gaineratu du sindikatuak.

ELAk Udalari, Bilbao Ekintzako ardura zuzena duen zinegotziari eta Euskarako zinegotziari, «berehala» zuzendu ditzatela egoera eskatu die, «eta lanpostu berri honi, dagokion euskara profila esleitu diezaiola. «Euskararen normalizaziorako bidean, pausu guztiak ezinbestekoak dira eta», nabarmendu du.

 

Marisol RAMÍREZ / FOKU
Loading player...