Asier ROBLES

Zapalduon Memoria Astea burutuko dute urriaren 19tik 24ra

Zapalduon Memoria Astea antolatu dute urriaren 19tik 24ra Alde Zahar eta Bilbo Zaharreko leku ezberdinetan. Bisita gidatuak, hitzaldiak, proiekzioak eta hainbat ekitaldi egongo dira aste osoan zehar.

Zapalduon Memoria Astea.
Zapalduon Memoria Astea.

Urriaren 19tik 24ra burutuko dute Alde Zahar eta Bilbo Zaharreko leku ezberdinetan Zapalduon Memoria Astea. Ekimenaren aurkezpenean azaldu zutenez, auzo hauetako norbanako batzuen interesetik sortzen da Zapalduon Memoria Astea, «gaur egungo errealitatea konfiguratu zuten borrokak ezugutzeagatik eta memoria historikoaren inguruko eztabaida mahaigaineratzeagatik».

«Bizi ditugun garai hauetan, zeinean krisi anitzek planteamendu faxistak berrezartzeko arriskua argi uzten duten, zeinean gutxien daukatenak seinalatuak diren gaitz anitzen erantzuletzat, eta komunikabideek boteretsuen errelatoak hegemonizatzeko instrumentu diren, inoiz baino beharrezkoagoa bihurtzen da ixilduak izan diren beste historiak entzutea», adierazi zuten antolatzaileek.

Zapalduon Memoria Astea norabide horretan ekarpen «xume bat» egiteko asmoarekin jaio dela esan zuten; eta aste batean bisita gidatu, hitzaldi, proiekzio eta beste ekintzen bidez atzera bota begirada, antifaxismoa edo zapalduen arteko elkartasuna bezalako gaietaz aritzeko uneak egongo dira.

Programa osoa albiste honetan atxikitutako dokumentuan ikus daiteke.

Astean zeharreko ekintzak aforo mugatuarekin antolatuko dira, eta horregatik, asistentziaren kontua aldez aurretik kalkulatzera behartuak ikusi gara. Ekintzetan izen ematea, egitarauko kartelean agertzen den QRaren bidez egin beharko da. Honek, asteko plangintza agertzen den orrialdera eramango du, eta bertan apuntatu ahal izango da era sinple batean.