NAIZ

Errekaldeko Etxarri 2 Gaztetxearen hustea gelditu dute gaurkoz

Ertzaintzaren hainbat furgoneta Errekaldeko Etxarri 2 Gaztetxera joan dira ostiral goiz honetan espazioa hustera. Gaztetxeko kideak ere espazioa defendatzera joan dira, eta idazkari judizial baten zain egon ondoren, desalojoa gelditzea lortu dute gaurkoz.

Hainbat pertsona Etxarri 2 gaztetxearen hustea eragotzi nahian. (twitter @Etxarri2gaztetx).
Hainbat pertsona Etxarri 2 gaztetxearen hustea eragotzi nahian. (twitter @Etxarri2gaztetx).

Errekaldeko gazteek okupatu zuten espazioa 2014an, bi hamarkadatan erabilerarik gabe eta abandonatuta egon ondoren. Auzoaren beharrei kolektiboki erantzuteko gune gisa hasi zen: «Kolektiboei ateak irekiz; gazteei aisialdi alternatibo bat eskainiz; gizartearekin ikuspegi kritikoa lantzeko hitzaldiak, proiekzioak eta formazioak antolatuz; bazkariak, afariak, lan egunak edo kontzertuak prestatuz...»

2016ko azaroan, Bilboko Udalak gaztetxea husteko agindua eman zuen, «segurtasun neurriak ez zituela betetzen» argudiatuz. Hala ere, 2018an gazteek espazioa berreskuratzea lortu zuten.

Aurtengo urriaren hasieran berriz jaso zuten husteko agindua. Ordutik Gaztetxea defendatzeko kanpaina bat jarri zuten martxan eta ostegun honetan elkarretaratzea egin zuten Errekaldeko plazan.

Iragarri zuten bezala, ostiral goiz honetan Ertzaintzaren hainbat furgoneta Etxarri 2ra joan dira desalojatzera. Hainbat pertsona bertaratu dira espazioaren alde egiteko, eta idazkari judizial bat noiz iritsiko zain egon ondoren, gaztetxearen hustea gelditzea lortu dute gaurkoz.