NAIZ

Gorka Ruiz eta Karla Martinez, Bilboko «youtuber» ofizialak

Gorka Ruiz eta Karla Martínez izango dira Bilbao Gazte ekimenaren Youtube kanalaren bidez gazteentzako aisiako eta kulturako planak azaltzeko aukeratu dituzten bi «youtuber-ak. hilero bideo bi grabatuko dituzte, bakarka edo biek batera, Bilbok gazteentzako duen aisiarako eskaintza modu dinamiko eta entretenigarrian kontatzeko.

Oihane Agirregoitia, Gazteria eta Kirol saileko zinegotzia, bi youtuber-ekin. (Bilboko Udala)
Oihane Agirregoitia, Gazteria eta Kirol saileko zinegotzia, bi youtuber-ekin. (Bilboko Udala)

Bilboko Udalak, Bilbao Gazte ekimenaren bidez, 2017-2018ko «youtuber» ofizial biak aukeratzeko lehiaketako irabazleak nortzuk izango diren jakinarazi du: Gorka Ruiz eta Karla Martinez.

Kameraren aurrean ibiltzeko trebezia, euskaraz aritzeko erraztasuna eta aurkeztutako bideoen kalitatea hartu dira kontuan horiek biak hautatzeko. 18 urte dituzte eta aurretik ibiliak dira youtuben.

Gorkak bi kanal ditu: batean Athleticen partiduetaz eta bestean, bideojokoen inguruan aritzen da. Karlak, aldiz, KarlaAlwaysHappy kanala du eta bertan modako gaiak, eta bestelako gaiak jorratzen ditu.

Aurrerantzean, hilero bideo bi grabatuko dituzte, bakarka edo biek batera, Bilbok gazteentzako duen aisiarako eskaintza modu dinamiko eta entretenigarrian kontatzeko.

Bilboko Udalak gazteei zuzendutako ekimena da Bilbao Gazte. Horretarako, Udalak komunikazio-tresnak jarri ditu: profilak sare sozialetan (Facebook, Twitter, Google+ y YouTube) eta webgunea, gazteengan eragina duten politika zehatzei buruzko informazioa helarazteko.