NAIZ

Ikasteko aretoen falta Bilbon

Asteburu osoan zehar Bilbon ikasteko aretoak irekita dauzkan aukera bakarra Alhondiga da une honetan. Abenduaren 11tik aurrera areto «bereziak» irekiko dituztela iragarri dute erakunde ezberdinetatik, baina salatzen dutenez azken bi asteburuetan ilara luzeak egon dira Alhondigara sartzeko eta hainbat ikasle toki gabe geratu dira. 

Ilarak Alhondigara ikasteko geletara sartzeko.
Ilarak Alhondigara ikasteko geletara sartzeko.

Joan den ikasturtean Indautxuko gazte asanbladak bultzatuta, Bilbon ikasteko aretoen faltaren salaketak ohiartzuna izan zuen komunikabideetan eta erakundeek areto berriak irekitzea lortu zuten.

Ikasle talde batek gutun bat bidali du BILBOTARRA NAIZera Bilbon ikasteko aretoekin dagoen «arazoa» salatuz. Azaltzen dutenez, «Bilbon ikasten dugunontzako oso gutxi dira asteburuetan ikasteko ditugun aretoak. Larunbat goizetan hainbat leku daude ikasteko; larunbat arratsaldeetan eta igandeetan, aldiz, Bilbon ikasteko dagoen leku bakarra Azkuna Zentroa (Alhondiga) da».

Gutunean gogora ekartzen duten bezala, aurten Bilboko Udala, Bizkaiko Aldundia eta Bizkaiko kanpuseko errektoretza ados jarri dira ikasteko areto «berezien» irekiera data abenduaren 11 izateko.

«Betiko egoera aurreikusiz, azaroaren hasieran zerbait egin behar nuela erabaki nuen. Hala, Bilboko udaleko kultura sailari, Bilboko liburutegi zentralari (Bidebarrieta), Alhondiga zentroari, EHUko ikasle kontseiluari, EHU liburutegiari eta Bizkaiko errektoretza ordeari mezu bat bidali nien eskatuz ikasteko areto bereziak lehenago ireki zitzaten», azaltzen dute bidalitako salaketan.

«Bilbon bizi garen ikasle guztiok lehen aipatutako erakundeek hartutako erabakiek sorrarazi dizkiguten ondorioak jasaten hasi gara dagoeneko» dio ikasle talde batek gutunean.

Medikuntzako ikasleak honela azaltzen du areto faltaren arazoa: «Pasadan asteko igandean (gogoratu Azkuna zentroko liburutegia besterik ez dagoela irekita), lerro luze-luzea egon zen ikasteko leku bat lortzeko, jende asko kanpoan gelditu zelarik. Asteburu honetan, bai larunbatean bai igandean berbera pasatu da: 8.10ak baino beranduago helduz gero (8.30tan irekitzen dute ikasteko gela) ezinezkoa da ikasteko leku bat lortzea. Gainera, datorren astean, 4 egun izango dira jai eta Azkuna Zentroa izango da ikasteko izango dugun leku bakarra».