NAIZ

900.000 euro Matikoko Uzturre plaza berrizteko

Umeentzako jolasgune berri bat eta helduek ariketa fisikoa egiteko beste bat jarri dituzte oinezkoentzako espazioa bilakatuz.

Aburto Uzturre plazan. (Bilboko Udala)
Aburto Uzturre plazan. (Bilboko Udala)

Juan Mari Aburto, Bilboko alkatea; Ricardo Barkala, Obra, Zerbitzu, Hiri Eraberritze eta Espazio Publikoaren zinegotzi ordezkariarekin eta gainerako udalkideekin batera, Matiko auzoan dagoen Uzturre plazako irisgarritasuna hobetu duten lanak bisitatzen izan dira gaur goizean.

Bisitan, Bilboko alkateak azpimarratu du «gure lehentasunetako bat Bilbo osoko irisgarritasuna da eta horregatik ari gara auzoetan –batez ere goietako auzoetan- hobekuntzak egiten. Plazako irisgarritasuna hobetzeaz gain, oinezkoen espazio, espazio zabal eta erabilera askotakoa bihurtu dugu, auzoko bizimodu soziala, kulturala eta elkarbizitza sustatuko dituena».

Hain zuzen ere, arkitektura-oztopo guztiak kendu dituzte eta hortaz, espazioari jarraikortasuna eman zaio eta atseden hartzeko metro karratu gehiago egongo dira.

Uzturre plazaren azalera handiagoa da orain eta 1.681 metro karratu ditu.

Plazarako sarbideak ere berriro diseinatu dira, espaloiekin hobeto lotzeko. Udalak umeentzako jolasgune bat egokitu du plazaren barruan eta helduek ariketa fisikoa egiteko beste gune bat, Ricardo Arregui kaleko pergolan. Hain zuzen ere, 8 aparatu jarri dituzte, ariketa fisikoa neurriz egiteko eta bide batez, ongizateari lagundu eta osasuna zaindu eta sasoian egoten laguntzeko.

5 hilabetetan egin dira obrak eta 900.000 euro inguruko gastua egin du Udalak.