Patxi Gaztelumendi

Hiru une hunkigarri Loraldia festibalean

Ekitaldi sorta paregabea eskaintzen du Loraldia jaialdiak Bilbon. Eta kronika banarekin hasi ordez, hiru une distiratsu ekarri ditugu kronika honetara. Ruper Ordorikari Kafe Antzokian egindako omen ekitaldian, Sylvia Plathen poemetan oinarritutako Hiru Emakume antzezlana eta Kukai dantza taldeak Oteizaren omenez egindako ordu erdiko dantza ikuskizuneko irudiak eta uneak gogoratuko ditugu.

Loraldia.
Loraldia.

Azukre koxkorrak Ruper Ordorikarentzat

Ruper Ordorikaren kantuen moldaketak hartu zuten Bilboko Kafe Antzokia. Fermin Etxegoienek kitarra lagun egin zuen aurkezpena eta gero musikari andana igaro zen eskenatokitik. Ixiar Orexa Don Inorrez osatuko duten musikariekin agertu zen eskenatokira, Mikel Urakenen esperimentazioa gehitu zien Ruperren kantuei, MICEren proposamen berritzailea ikusi genuen eskenatoki gainean, Ken Zazpi hiru kantu oso oso ezagunen moldaketa kantagarria eskaini zuen, baina gaua lehertu zuena Petti izan zen, lehen kantuan bakarrik eta ostean Balerdi Balerdi taldearen laguntzarekin. Hiru kantu hautatu zituen beratarra, goizeko kantu bat, kafearen hartzeko beste bat eta gauerako kantua. Eta antzoki guztia dantzan eta kantuan jartzea lortu zuen. Euskal Herrian dugun ahots ederrena da, rockero, blues zale edota kantautore. Petti bera ere goizean, eguerdian zein gauean entzuteko musikaria delako.

Bernardo Atxaga ere bikain aritu zen. Ruper ezagutu zueneko eta Pott banda garaiko poema bat irakurri eta moldatzeari ekin zion. San Mamesen Athleticek aurreko asteburuan izandako partiduaren kronikatik abiatuta gogoeta xelebre eta umoretsua bota zuen, eta gogoeta interesgarriak umorez jantzita jaurti zituen. Atxaga gaztetu, alai, sortzaile eta lotsagabe bat. Ederra izan zen bere jarduna. 

Hiru Emakume



Mireia Gabilondok zuzendutako antzerki lanaren estrainaldia izan zen Arriaga antzokian. Hiru emakume antzezlana Sylvia Plath poetaren izenburu bereko poema liburuan oinarritzen da. Harkaitz Canok euskaratutako poemak antzezten hiru emakume gazte. Haurdunaldia zer den ezagutu ez arren itzel ondo interpretatu zutenak nork bere papera. Umea eduki eta mina beldurra eta poza kudeatu zituen Ane Pikaza, umea galdu zuen Ylenia Baglietti eta umea izan arren besteri prest emateko agertu zen Ainhoa Etxebarria. Beraiekin taula gainean bi musikari prestu. Kontrabaxua eta ahotsa.
Aipagarria da eszenografia lana ere, antzokia ikusgarri bilakatu zuena.

Kukai dantza taldeak Oteizari

Oteiza omendu zuten 2005. urtean. Eta bide berri bati ekin zion orduan Errenteriako Kukai konpainiak. Antzerkia eta dantza uztartuz. Loraldiara berriz etortzeko hautua egin dute. Eta Oteiza 110 lana -aurrekoaren laburpen egokitu bat- prestatu dute. 3 emanaldi egin zituzten igande goizez Euskalduna jauregian. Eta jende guztia zur eta lur uztea lortu zuten. Harridura, miresmena, txaloak, aupadak. Batek baino gehiago, berriro sarrera erosi eta hurrengo emanaldia ikusteko hautua egin zuen.
Aukera bakan hoietako bat ez uzteko moduko eguna izan zen, eta Loraldiako arduradunak oso pozik agertu dira izandako arrakasta artistikoarekin.

Kukairen dantza gehiago ikusteko: loraldia.eus