NAIZ

Bosgarren edukiontzia hedatzeko familiei bonifikazioak aplikatzea eskatu du EH Bilduk

EH Bilduk positibotzat jo du bosgarren edukiontzia hiri osora zabaltzea eta koalizioaren iritziz, une egokia da sistema hori erabiltzen duten familiei bonifikazioak aplikatzeko.

EH Bilduk 2016ko urrian proposatu eta Udalbatzan aho batez onartu zen neurria abian jartzeko une egokia dela aldarrikatu du prentsa ohar batean. Gogoratu dutenez, ordenantza fiskaletan aldaketa bat egitea proposatu zuten bosgarren edukiontziaren erabiltzaileei bonifikazio bat aplikatzeko.

«Bonifikazio hori 2019. urtean abian jartzea eskatzen dugu. Udalean ordezkaritza daukaten alderdi guztien babesa jaso duen proposamena da eta birziklapena sustatzeko tresna bat izango da», azpimarratu du Aitziber Ibaibarriaga EH Bilduren bozeramaileak.

Hain zuzen ere, sentsibilizazio horren beharraren garrantzia aipatu du EH Bilduk. «Nahiz eta Bilboko zonalde batzuetan sistema hori martxan egon, datuak ez dira onak. Bilbon pertsona bakoitzeko biltzen diren hondakin organikoen kopurua ez da hondakin guztien %4ra heltzen, nahiz eta etxeko zaborren %40 organikoa izan», azaldu du Ibaibarriagak oharrean.

EH Bilduk ematen dituen datuen arabera, Uribarri bezalako zonaldeetan familien %11ak bakarrik erabiltzen du bosgarren edukiontzia. Deustun ez dira heltzen %15era, Otxarkoagan %16 eskas batek erabiltzen du eta Begoña eta Santutxun zifra horretara ere ez dira heltzen. Horregatik, EH Bilduk uste du beharrezkoa dela izen-emateko programa urte osoan zehar zabalik egotea eta «ahalik eta gehien erraztu behar dizkiogu hiritarrei sistema hau erabiltzen hasteko urratsak».