NAIZ

Mediatekako lan gatazka konpontzeko Udalaren gaitasun eza salatu du EH Bilduk

EH Bilduren Bilboko udal taldeak elkartasuna adierazi die greban dauden Alondegiko Mediatekako langileei eta instituzioek irtenbide bat bilatzen laguntzea eskatu du Administrazio Kontseiluan.

Azkuna Zentroa. (Bilboko Udala)
Azkuna Zentroa. (Bilboko Udala)

Orain dela bi aste Alondegiko Mediatekako langileek mugagabeko grebari ekin zioten. Hori dela eta, gaur burutu den Alondegiko Administrazio Kontseiluan Udal gobernuak esfortzu handiagoa egin dezala eskatu du EH Bilduk lan gatazkari irtenbidea bilatzeko eta Mediatekako langileei lan baldintza duinak eskaintzeko.

«EAJk erabaki zuen azpikontratazioan oinarritutako sistema hau abian jartzea. Orain ezin du beste alde batera begiratu. Mediatekak zerbitzu publiko bat eskaintzen du eta Udalaren ardura da lan baldintza duin batzuk eskaintzea», esan du Alba Fatuarte, EH Bilduko zinegotziak, komunikabideetara igorritako oharrean.

Fatuartek elkartasuna adierazi die Mediatekako langileei. «Gogoratu behar da hiriarentzat eta hiritarrentzat oso garrantzitsua den lan bat egiten dutela. Kalitatezko zerbitzu bat eskaini nahi badugu, lan baldintza duinak eskaini behar ditugu. Ezin da onartu langileek 9€ kobratzea lan egindako ordu bakoitzeko eta enpresak bikoitza baino gehiago fakturatzea».

Ostegun honetan egingo den Alondigako Administrazio Kontseiluan negoziazioaren inguruko informazioa eskatuko du EH Bilduk. Aldi berean, Nekane Alonso Kultura eta Alondegiko Administrazio Kontseiluko presidentearen agerraldiaren zain dagoela gogoratu du. EH Bilduren udal taldeak zein neurri hartuko dituzten Mediatekako langileen lan balditza duinak bermatzeko galdegin nahi dio Alonsori.