NAIZ

DigiPen, «bideo-jokoen unibertsitatea» ireki dute «Zorrotzaurreko uhartean»

Juan Mari Aburto, Bilboko alkateak, DigiPen Institute of Technology-ren campus berria inauguratu du, Deustuibarran kokaturik dagoen eta Udalak izendaturiko «Zorrotzaurreko uhartean». «Bideo-jokoen unibertsitatea» bezala izendatu dute  eta Beta 1 industria-eraikin birgaituan estreinatu dituzte instalazio berriak ikasturte honetan.

DigiPen campus berriaren inauguruazio ekitaldia. (Bilboko Udala)
DigiPen campus berriaren inauguruazio ekitaldia. (Bilboko Udala)

«Bilboko unibertsitate-hirira» etorritakoei ongi etorria eman die Aburto alkateak «jakintzaren, talentuaren eta gazteriaren uhartea» gisa izendatu duen inaugurazio ekitaldian. Alkateak nabarmendu duenez, «oso harro» dago ikastetxe berri hau inauguratzeaz. DigiPen Deustuibarran kokaturik dago, Udalak «Zorrotzaurreko uhartea» izendatu duen tokian.

«Amets egin behar da, eta etorkizunera begira lan egin. Bilbok amets egiten du, baina beti oinak lurrean dituela. DigiPen Bilbon kokatzea nahi genuen. Nahi genuen Europan Bilbo izatea DigiPenen sormenaren itsasargia. Azken ukitua falta zen: etorkizun hobe batean pentsatzea gure hiriarentzat, gure gazteentzat, talentuarentzat eta enplegu-aukera berriak bilatzeko. Eta gaur, DigiPen, bideo-jokoen unibertsitatea, errealitatea da Bilbon», esan du.

Juan Ignacio Morais, Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak, eta Ignacio de Otalora DigiPen Bilbaoren zuzendari nagusiak ere hartu dute parte; azkenak apustu egin du Bilbo irits dadin DigiPen Institute of Technologyk Estatu Batuetan eta Singapurren izan dituen lorpenak berdintzera.

Inaugurazioan, ehun bat gonbidatu izan dira: Juan Ignacio Vidarte Guggenheim Bilbao Museoaren zuzendaria; Pablo Otaola, Zorrotzaurreko Kudeaketa Batzordeko kudeatzailea; Samir Abou Samra eta Christopher Comair, DigiPeneko teknologia-arduraduna eta negozio-zuzendaria, hurrenez hurren; eta Bizkaiko enpresa- eta elkarte-sarearen ordezkaritza zabal bat.

«Zorrotzaurreko uhartean» aurreikusita dauden hezkuntza-proiektuetatik DigiPen Bilbao da gauzatu den lehenengoa. Datozen hilabeteetan, As Frabrik zentroak —Mondragon Unibertsitateak kudeatua— eta Kuntshal diseinu-eskolak irekiko dituzte ateak.

Irailaren 17an, 15 herrialdetako 200 bat ikaslek hasi zuten 2018-19 ikasturtea DigiPen Bilbaon, bertan irakasten diren lau urteko unibertsitate-gradu bi hauetako bat egiteko: Denbora Errealeko Simulazio Interaktiboko Software Ingeniaritza (programazioa) eta Arte Digitalean eta Animazioan Espezializatutako Arte Ederrak (artea).

DigiPen Institute of Technology unibertsitate bat da, egoitza nagusia Redmonden (Estatu Batuak) duena; gainera, baditu campus bi, bata Asian (Singapur), eta bestea Europan (Bilbo). Claude Comairrek (Nintendo Software Technology-ren sortzaileetako bat da) sortu zuen orain 30 urte, eta, Princeton Reviewren arabera, arlo horretan Iparramerikako (AEB eta Kanada) hirugarren unibertsitate onena da, eta bere ikasleek egindako bideo-jokoengatik sari eta aitorpen gehien lortu dituen munduko unibertsitatea da.