NAIZ

Stock Euskadi azokak ehundik gora erakusle bilduko ditu asteburuan Barakaldoko BECen

Stock Euskadi azokaren hamabosgarren edizioa egingo da ostiraletik igandera, azaroaren 9tik 11ra, Barakaldoko BECen. Mota guztietako artikuluetako eta produktuetako lehen marketan %80 arteko beherapenak eskainiko dituzten ehun erakusle baino gehiago elkartuko dira, moda, osagai, oinetako, edertasun, etxe, kirol, elektronika eta aisialdikoak.

Stock Euskadi azoka BEC-en. (STOCK EUSKADI).
Stock Euskadi azoka BEC-en. (STOCK EUSKADI).

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, joan den martxoan egin zen azken edizioak 33.000 bisitari eta 100.000 salmenta baino gehiago izan zituen. «Kopuru garrantzitsu horiek azokaren abantaila ugarietan oinarritzen dira: alde batetik, merkatari txikiaren eta ertainaren salmentak indartu nahi ditu eta, bestetik, kontsumitzaileari kalitatezko produktuak oso prezio onean eskaini», azaldu dute.

Aurreko edizioetan bezala, Stock Euskadik beherapen handiak eskainiko ditu espazio bakarrean. Calvin Klein, Vans, Adidas, Lois, Carrera, Diesel, Carhartt, New Balance, Billabong, Quicksilver, Geographical Norway, Superdry edo Antony Morato moduko markak izango dira bertan, besteak beste. Gainera, edizio honetan Pepe Jeans marka ospetsuak ere stand propioa izango du.

Egunero hamar ordu egongo da azoka irekita, goizeko 11:00etatik iluntzeko 21:00ak arte

Outlet sektoreari buruz egin diren azken azterlanek eta inkestek erakutsi dutenez, horrelako ekitaldietara doazen erosleak ez dira ‘low cost’ delako soslaia dutenak, marka ezagunak eta kalitate maila handikoak merkeago bilatzen dituzten bezeroak baizik. «Hau da, lehen mailako markei leial izaten jarraitzen duen baina merkeago erostea nahi duen bezeroaren soslaia dute», gaineratu dute.

Halaber, azokak lortu du zerbitzu erantsiei esker ere jendea erakartzea, eta horien artean daude azoka egiten den lekua bera, teknologia, eskaintza gastronomikoa eta aisia.

Bestalde, Stock Euskadi aplikazioari esker, erabiltzaileek askoz ere etekin gehiago atera ahal izango diote azokari, eta unean bertan jasoko dituzte berrikuntzak, ekitaldiak, eskaintzak, erakusleen zerrenda, albisteak eta bestelako informazio interesgarri guztia. Horrez gain, aplikazioak erakusleen mapa eskainiko du, nortzuk diren eta non dauden, bilatzen ari den standerako bidea erraztuz.

Zozketak

Halaber, asteburuan zehar, bisitarien artean 3.000 euro banatuko dituzten bost zozketa egingo dira. «Adi egoteak eta parte hartzeak abantaila asko ditu, sare sozialetan azokari buruzko aipamenak egiten dituztenak, asteburu osoan zehar egingo diren opari-baleen eta eskudiru sarien zozketan sartuko baitira», azaldu dute.

Sarrera doakoa izango da 14 urtetik beherakoentzat eta, gainera, adin guztietara egokitutako jarduerez gozatu ahal izango dute. Begiraleek gainbegiratutako ludotekak txikienentzako puzgarriak eta nagusiagoentzako bideo jokoak eskainiko ditu.

Azkenik, edizio bakoitzean, Stock Euskadi azokak 3.000 euro ematen dizkio egoera zailean dauden pertsonen alde lan egiten duen elkarte edo GKE bati. Edizio honetan, ekitaldiak giltzurruneko gaixotasunen kontrako borrokan beteranoa den Alcer Bizkaia elkartearen lana saritu nahi izan du. Euskadin organoak ematea bultzatu zuen lehenengo elkarteetakoa izan zen. Dohaintza BECen izango da, larunbatean, eguerdiko 12:00etan.