NAIZ

Bizkaiko Bertsolari Txapelketako lehen finalaurrekoa izango da igandean, Berrizen

Bizkaiko Bertsolari Txapelketako lehenengo finalaurrekoa izango da igandean, azaroaren 18an, Berrizko pilotalekuan, 17:00etatik aurrera. Aitor Bizkarrak (Abadiño), Imanol Uriak (Algorta), Julen Erezumak (Gernika-Lumo), Miren Amurizak (Berriz), Unai Mendiburuk (Algorta) eta Xabat Galletebeitiak (Lekeitio) parte hartuko dute.

Bizkaiko Bertsolari Txapelketako lehenengo finalaurrekoan parte hartuko duten bertsolariak (BERTSOZALE ELKARTEA)
Bizkaiko Bertsolari Txapelketako lehenengo finalaurrekoan parte hartuko duten bertsolariak (BERTSOZALE ELKARTEA)

Bizkaiko Bertsozale Elkarteak jakinarazi duenez, gai jartzaile lanetan Begoñe Olabarria ariko da, eta Ander Txakartegi, Iñaki Aurrekoetxea, Joseba Santxo, Leire Etxebarria, Mirari Azula eta Miriam Juaristi izango dira epaimahaiko kideak. Idazkari lanetan Itziar Basterretxea ibiliko da.

Kanporaketetako fasean bertsolariek egin beharreko lanak hauek izango dira: zortziko nagusian ofiziotan hiruna bertso, zortziko txikian ofiziotan hiruna bertso, puntua emanda bertso bi zortziko txikian, hamarreko txikian ofiziotan hiruna bertso eta, bakarkako lanean, gai bati buruz hiru bertso, doinu eta neurri librean.

Irabazlea zuzenean sailkatuko da finalera, eta besteek puntuazioaren arabera izango dute horretarako aukera.

Bizkaiko Bertsolari Txapelketako bigarren finalaurrekoa azaroaren 25ean jokatuko da, Igorreko udal kiroldegian, 17:00etan, eta Beñat Ugartetxea (Mallabia), Eneko Abasolo ‘Abarkas’ (Iurreta), Malen Amenabar (Larrabetzu), Nerea Ibarzabal (Markina-Xemein), Oihana Bartra (Bilbo) eta Onintza Enbeita (Muxika) izango dira parte hartzaileak.

Hirugarren finalaurrekoa, ostera, Lekeitioko Santi Brouard kiroldegian jokatuko da, abenduaren 1ean, 17:00etan, eta Ander Elortegik (Gernika-Lumo), Arrate Illarok (Getxo), Etxahun Lekuek (Larrabetzu), Ibon Ajuriagojeaskoak (Gernika-Lumo), Jone Uriak (Algorta) eta Txaber Altubek (Abadiño) kantatuko dute. Hiru finalaurrekoen ostean, finala abenduaren 15ean jokatuko da, Bilbao Arenan.

Txapelketako saioetarako sarrerak erosteko bide desberdinak daude: alde batetik, www.bertsosarrerak.eus webgunean eskura daitezke finalaurrekoetarako eta finaleko sarrerak, eta, bestetik, saioetako egunean bertan txarteldegian erosi ahal izango dira (txarteldegiak 16:00etan zabalduko dira).