NAIZ

Plaza Hutsak hezkuntzaren inguruko gogoeta kolektiboa abiarazi du

Otsailaren 8an Plaza Hutsa ekimenak hezkuntzari buruzko gogoeta kolektiboa jarri zuen martxan Bilboko La Bolsa eraikinean egindako topaketan. Hiru oinarriren gainean hasi dira egiten gogoeta, eta prozesuak maiatzaren 4a mugarri garrantzitsua izango duela aurreratu dute.

Plaza Hutsa
Plaza Hutsa

Plaza Hutsak, herrigintza aro berri bat pentsatu eta gorpuzteko helburuarekin sortutako ekimenak, Bilbo metropolitanora eraman zuen aurreko asteburuan gogoeta kolektiboa. Otsailaren 8an, ostirala, Bilboko La Bolsa erakinean egin zuten hezkuntzari buruzko saioa bat, eta 9an, larunbata, Portugaleteko merkatuan beste topaketa bat egin zuten.

Urtarrilaren 12an Durangon egin zuten saioarekin eta orain Bilbon egin duten ariketarekin, ezker independentismoak «abiapuntua» jarri dio hezkuntzaren inguruan egiteko asmoa duten gogoeta kolektiboari.

Bideoan azaltzen dutenez, gogoeta kolektibo hau, hiru oinarriren gainean egiten hasi dira. Alde batetik, ezkerreko independentismoak Euskal Herriarentzako hezkuntzaren inguruko «bere proposamen politikoa definitzeko, zehazteko eta hori eskaintza politiko batean bihurtzeko».

Beste alde batetik, egungo hezkuntza sistema eta hezkuntza eredua «agortuta dagoelako bere horretan eta hor eraldaketa bat behar delako». Eta hirugarren oinarria, «batez ere Estatu espainiarraren aldetik datorren edo gainean daukagun oldarraldi faxista horren aurrean, herri bezala erantzuna eman behar zaiolako, eta hezkuntzan ere argipen ariketa hau guztiz beharrezkoa delako».

Hiru oinarri horiek kontutan izanda abiatu duten prozesuan, maiatzaren 4an mugarri garrantzitsu bat izango duela aurreratu dute Plaza Hutsa ekimenetik. Egun horretan hezkuntzaren inguruko «plaza hutsa monografiko bat» burutuko dute, non honen inguruan sakontzeko eta denbora hartzeko aukera egongo den. «Erronka oso handia baina ezinbestekoa da, burujabetzaren bidean hezkuntza zutabe estrategiko bat delako», diote.