NAIZ

‘Feminismoa gazte antolakundean’ hitzaldia antolatu du Ernaik martxoaren 21ean Kirrulin

Ernaik, feminismoak gazte antolakundean izan duen garrantziaren inguruko hitzaldia antolatu du martxoaren 21ean Indautxuko Kirruli kultur elkartean. Joana Regeiro, Irati Gonzalez eta Eneritz Zabala izango dira hizlariak.

‘Feminismoa gazte antolakundean’ hitzaldia.
‘Feminismoa gazte antolakundean’ hitzaldia.

Ernaik, Jarrai sortu zeneko 40. urteurrenaren harira, feminismoak gazte antolakundean izan duen garrantziaren inguruko hitzaldia antolatu du martxoaren 21erako, 19.00retan Kirruli kultur elkartean.

«40 urteko gazte antolakuntza eta borrokaren historia ikaragarri honetan, feminismoak sekulako garrantzia eduki izan du, batez ere azken urteetan. Zein izan da gazte Aantolakundeak honekiko eduki duen jarrera? Zein izan da honen bilakaera?», planteatzen du Ernaik hitzaldiaren aurkezpenean.

Hitzaldiko hizlariak Joana Regeiro, gazte antolakundeko kide ohia; Irati Gonzalez, Bilgune Feministako kidea; eta Eneritz Zabala, Ernaiko kidea izango dira.

Bilboko Bulkada Eguna

Hitzaldi honekin, Ernaik Bilbon apirilaren 6rako antolatu duen Bulkada Eguna bultzatzea bilatzen du ere. Egun horretan, Bizkaiko hiriburuan gazte antolakundean militatzen ari diren eta militatu duten belaunaldi guztietako jendea batzeko asmoa da, gazte antolakundearen 40 urteko ibilbidea gogora ekartzeko.

Oraindik ez dute egunaren egitarau guztia jakitera eman, eta gutxinaka ari dira egongo diren ekintzen berri ematen. Orain arte, goizeko egitaraua zehaztu dute bakarrik. Alde batetik, Irrien Lagunak taldearen ikuskizuna eta umeentzako jolastokia egongo da. Eta beste alde batetik, Bilboko auzoen arteko pike/olinpiada antolatu dute. Ondoren bazkari bat egongo da.

Bazkarirako tiketak badaude dagoeneko salgai Deustu, Alde Zaharra, Santutxu, Indautxu, Otxarkoaga, Irala, Errekalde eta Zorrotzako herriko tabernetan, eta 15 euroko prezioa du langileentzat, 9 prekarioentzat eta 5 umeentzat.