NAIZ

Deustuko Unibertsitateak 2020ko irailera atzeratuko du Medikuntzako graduaren hasiera

Deustuko Unibertsitatearen lan planaren eta aurreikuspenaren arabera, Medikuntzako gradua 2019-2020 ikasturtean hasi behar zen, baina azkenean 2020ko irailera atzeratuko da, zenbait gorabehera direla-eta onarpen prozesua uste baino gehiago luzatu delako.

Deustuko unibertsitatearen ikasturte hasierako ekitaldia. (Juanan RUIZ / FOKU)
Deustuko unibertsitatearen ikasturte hasierako ekitaldia. (Juanan RUIZ / FOKU)

Ikasturte honetan zehar, Deustuko Unibertsitatea Medikuntzako graduaren lehen mailaren ezarpena prestatzen aritu da, 2019-2020 ikasturtean hasteko asmoz, eta dena prest zuen, irakasleak hautatuta, hitzarmenak sinatuta, ikaslegaien informazioa jasota edota nazioarteko unibertsitateekin harremanetan jarrita. Baina ostiral honetan jakinarazi dutenez, urtebetez atzeratu beharko dute Medikuntza graduaren hasiera zenbait gorabehera gertasu ostean.

«Egindako horiek guztiek bermea ematen diote Deustuko Unibertsitateari gorengo kalitate estandarrekin ekiteko Medikuntzako graduari 2019ko irailean. Graduaren ezarpena 2020ko irailera atzeratzeak aukera emango dio gehiago sakontzeko eta graduaren potentzialitate guztiak mailarik gorenean izateko lehenengo minututik», adierazi du.

Praktikak egiteko ospitaleak izan dira gorabehera nagusia. 2018ko ekainean Deustuko Unibertsitateak 11 ospitalerekin egindako hitzarmenen agiriak aurkeztu zituen. Ospitale horietako bostek graduondoko irakaskuntzarako akreditazioa dute, baina gainerako zentroak oraindik ez daude akreditatuta.

Deustuko Unibertsitatearekin hitzartutako zentroek EAEko ospitaleko asistentzia pribatu ia guztia hartzen dute -haietako bost zentro akreditatuak dira-. Hortaz, Deustuko Unibertsitateak pentsatu zuen, «behin zentro horien ezaugarriak ondo azalduta, ebaluazio batzordeak eskatutako moduan, batzorde horrek ez zuela zalantzarik izango gure erkidegoko ospitale sare pribatuko asistentziaren kalitateaz, ospitale horietako asko, gainera, Osakidetzarekin hitzartuta baitaude».

Joan den apirilean eskatu zion Unibasquek esplizituki lehenengoz Deusturi zentro horiek unibertsitatearekin itundu ahal izateko Eusko Jaurlaritzaren ziurtapena edo baimena. «Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila berehala prest agertu zen arren ziurtapen horiek egiteko, ezarritako epeak direla-eta ezinezkoa izan da garaiz iristea. Unibasq agentziaren eskakizun berriak errespetuz hartuta, horixe izan da, ez besterik, Deustuko Unibertsitatean Medikuntzako graduaren ezarpena urtebete atzeratzeko arrazoia», azaldu du.