Sweet California, Alfred, Ender & Funambulista eta Go!azen arituko dira ere Aste Nagusian

Bilboko Udalak Sweet California, Alfred, Ender & Funambulista eta Go!azen artisten kontzertuak iragarri ditu Aste Nagusirako. Hauek, aurreko astean ezagutarazi zituen Su Ta Gar, Bebe, Monica Naranjo, C.Tangana edo Huntzaren kontzertuetara gehituko dira.

NAIZ|18/07/2019 14:34
Aste_nagusia_kontzertua
Aste Nagusiko kontzertua Abandoibarran.

Bilboko Udalak Aste Nagusiko gauetan Abandoibarra eta Europa parkean joko duten musika taldeak eta artista guztiak ezagutarazi ditu ostegun honetan. Duela egun batzuk iragarri ziren kontzertuez gain, Sweet California, Alfred, Ender & Funambulista eta Go!azen arituko dira Abandoibarrako kontzertuetan.

Su Ta Gar izango da gaueko kontzertuei hasiera emango dien taldea Abandoibarran abuztuaren 17an 23.30etik aurrera. Leku eta ordu berean, igandean, abuztuaren 18an, Sweet Californiak joko du; 19an Duo Dinamikok, 20an Bebek, 21ean Monica Naranjok Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin; 22an La M.O.D.Ak; 23an Alfredek; eta 24an Ender & Funambulistasek. Go!azenek 24an emango du kontzertua Abandoibarran arratsaldeko 18.00etan.

Europa parkeko kontzertuak, aldiz, 21ean hasiko dira. Asteazken horretan Huntzak eta Revolta Permanentek emango dute kontzertua 00.00etatik aurrera. 22an Aste Nagusi Dance ikuskizuna egongo da, eta 23an ADI Megastar, non Natti Natasha edo Jesse McCartney bezalako artistak egongo dira. Azken larunbatean, 24an, C.Tanganaren kontzertua egongo da.

Orotara, «jaietako publikoarentzat musika eskaintzak duen garrantziaz jabetuta», Udalak doako 100 musika-ikuskizun baino gehiago antolatu dituela adierazi du. Hiriko zortzi agertokietan banatuak egongo dira, eta mota askotako kontzertuak izango dira, gaur-gaurkoak, musika klasikoa eta bilbainadak, besteak beste.