Manex ALTUNA

Europa helburu, zailtasunak gainditzeko prest Athleticen

Yurik oso argi dauka ez dela erraza izango, baina geratzen diren hamaika partidetan Athleticek Europan jokatzeko txartela lortzea posible ikusten du. Atletico Madril izango da lehen aurkaria San Mamesen. ‘Mono’ Burgosek badoala iragarri eta Diego Costak Ogasunari iruzurra egiteagatik isun bat ordaindu ostean etorriko dira.

Yuri etenaldiaren aurretik Valladoliden jokatutako partidan. (LA OTRA FOTO)
Yuri etenaldiaren aurretik Valladoliden jokatutako partidan. (LA OTRA FOTO)

Ekainaren 14an jokatuko du Athleticek Liga itzulerako lehen partida San Mamesen. Hiru hilabete igaro dira Kopako sailkapena lortu eta Valladoliden irabazi zutenetik. Hamaika norgehiagoka izango dira 40 egunetan, udako tenperaturak eta bost aldaketa egiteko aukera egongo da.

Jokalariak egoera berria barneratzen ari dira. Yuri Berchichek Lezaman egindako entrenamenduaren ostean nabarmendu duen bezala, «datozen zailtasunak gainditzeko prest» egon beharko dira aitzakiarik erabili gabe. Izan ere, talde guztientzat baldintzak berdinak dira. Ez ohikoa da egoera eta inork ez daki nola moldatuko diren baldintza horietan.

Ezker hegaleko jokalariarentzat, norberak aurkitu beharko du egokitzeko modua. Aldaketarik handiena zaleen babesik gabe jokatzea izango da. Hamaika partidetatik sei San Mamesen jokatuko dira.

Horretarako, asteazken arratsaldean bertan entrenatu zuten eta larunbat goizean berriro egingo dute lan saioa. Aritz Aduriz San Mamesera gerturatu zen taldekideak agurtzera, larunbatean Bartzelonan ebakuntza egin ostean, .

Liga itzulera berezi hau ondo hastea oso garrantzitsua izango dela nabarmendu du Yurik. Zarauztarrak posible ikusten du Europan jokatzeko txartela eskuratzea, nahiz eta Athleticek zazpigarren postua bost puntutara izan. Garitano eta jokalari guztiak behin eta berriz errepikatzen ari dira Europa dela denboraldi amaiera honetako helburua.

Atletico, isuna eta agurra

Esan bezala, Atletico Madril izango da lehen aurkaria. Madrildarrek Txapeldunen Ligan bizirik jarraitzen dute, baina lehen lau postuetatik kanpo daude une honetan. San Mamesen ez da Joao Felix gazte portugaldarra egongo, zigorturik baitago. Correa argentinarrak eta Vrslaljko-k ere zaila izango dute lesioen ondorioz.

Dirudienez Simeoinek argi dauka hamaikakoa dagoeneko. Oblak izango da atepean, defentsan Trippier, Savic, Gimenez eta Lodi eta zelai erdian Koke, Saul, Thomas eta Marcos Llorente. Aurrealdean Lemar eta Diego Costa aritzea espero da. Azken honek 543.000 euroko isuna ordaindu behar izan du egun hauetan Estatu espainiarreko Ogasunari iruzur egiteagatik.

Bestalde, German ‘Mono’ Burgosek ez duela datorren urtean Atleticon jarraituko ezagutu berri da. Atezain izandako argentinarra, Simeoneren laguntzailea zen bigarren entrenatzaile bezala, baina oraindik aurrera bere bidea egiten saiatuko da.