NAIZ

126 ikasleren lanak erakutsiko ditu Guggenheim Museoak ‘Artea ikasbide’ programaren baitan

Euskal Herriko sei ikastetxe publiko eta itunpekoetako sei eta hamabi urte bitarteko 126 eskola-umek hainbat gai landu dituzte artearen bidez eta orain Guggenheim Museoan erakutsiko dituzte euren lanak. Dagoeneko 3.400 umek hartu dute parte programan, 1998an martxan jarri zenetik

Erakusketaren aurkezpena gaur goizean. (NAIZ)
Erakusketaren aurkezpena gaur goizean. (NAIZ)

Aurten ‘Artea ikasbide’ programan parte hartu duten artista txikiek imajinazioz beteriko lan ugari egin dituzte, hala nola giza gorputza irudikatzen duen hiru dimentsioko mapa handi bat; mendiak irudikatuta dauzkaten horma-irudi erraldoiak; hiru dimentsioko pertsonaia bat, buztinez egina, globo aerostatiko batean bidaiatzeko sortua; pixilation teknika erabiliz egindako filmak; eta forma geometrikoko hezurdurak.

Maider Lopezek, aurtengo edizioan parte hartu duten zazpi artistetako batek, honela hitz egin du Errenteriako Bizarain ikastetxean egindako lanari buruz: «Gure gorputzekin mendien formak eta inguruko harriak irudikatzen saiatu gara. Paisaia gure gorputzen bidez esperimentatu dugu eta ikasgelako egunerokotasuna aldatu. Dinamika horietan, lankidetza eta koordinazioa bultzatu behar dira, eta elkarrekin egin behar da lan, gure gorputzekin paisaia berriak sortzeko».

Programari amaiera emanez antolatu den erakusketak BBKren babesa du, eta Lakuaren Hezkuntza Sailaren laguntza. «Une ezin hobea da arte garaikidea eskola-umeengana zabaltzeko, gure ustez nahiko berritzailea den metodo baten bidez: ikasgelan landu ohi dituzten ikasgaiekin egin duten lana», laburtu du BBK-ko zuzendari nagusia den Gorka Martinezek programan bizi izandakoa.

Aurten, ekainaren 26tik irailaren 27ra izango da erakusketa Museoko hezkuntza gunean. Elssie Ansareo, Iñaki Gracenea, Maider Lopez, Manu Muniategiandikoetxea, Ibon Saenz de Olazagoitia, Jorge Rubio eta Manu Uranga artistek, Guggenheim Bilbao Museoko Hezkuntza eta Interpretazioko Zuzendariordetzarekin eta Euskal Autonomia Erkidegoko sei ikastetxetako irakasleekin elkarlanean, diseinatu eta dinamizatu dituzte ikasturtean zehar egin diren tailerrak.

20 saio egin dituzte, eta hamar sorkuntza-proposamen baino gehiago prestatu. Helburua da haurrek inprobisatzea, aurkitzea, esperimentatzea, ikusten dutena zalantzan jartzea, jolastea, huts egitea eta errealitatea bitarteko artistikoen bidez ulertzea; esaterako, pintura, eskultura, bideoa eta performancea.

«Proiektuaren funtsezko kontzeptuetako bat izan da ikerketak, eguneroko lanak eta ikasketa lanak bidea egiten dutela pixkanaka, edo, hobeto esanda, bidea direla. Prozesua baita garrantzizkoena. Eta akatsa, etengabeko ikaskuntza prozesu horren beste elementu bat. Ez dago akatsik gabeko lan prozesurik, esperimentazio prozesurik. Oso garrantzitsua da, ez jakitea naturalizatzen duelako, artistak ez baitu zertan jakin. Baina bidea horrela egiten dela, zalantzekin eta jakin gabe, ikertuz eta probatuz», kontatu du Manu Muniategiandikoetxeak.

‘Artea ikasbide’ erakusketan parte hartu duten 126 «artista» txikiak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako sei ikastetxetakoak dira: Trapagarango San Gabriel ikastetxeko 5. maila, Bilboko Zamakola-Juan Delmas ikastetxeko 4. maila, Bilboko Sanchez Marcos ikastetxeko 3. maila,  Gallartako Buenos Aires ikastetxeko 1. maila, Gasteizko Samaniego ikastetxeko 3. maila eta Errenteriako Bizarain ikastetxeko 4. maila. Talde bakoitzak artista baten laguntza izan du gai bat artearen bitartez lantzeko.