NAIZ

Alejandria artistak hirietako klub girora garamatza BilbaoArten ikusgai duen erakusketan

Alejandria artistak hainbat hiritako (Bilbo barne) klub eszenak erakusten ditu ‘Feet don't fail me now’ erakusketan. Alejandriak BilbaoArte Fundazioaren beka jaso zuen 2019an eta beste zazpi artistarekin batera hautatu zuten, Urazurrutia Aretoan erakusketa indibidualak egiteko 2020an. Erakusketa hau urriaren 9ra arte egongo da ikusgai BilbaoArten.

Azken hamar urteotako lana bildu du artistak erakusketan. (NAIZ)
Azken hamar urteotako lana bildu du artistak erakusketan. (NAIZ)

‘Fell don't fail me now’ Alejandriaren lehen erakusketa da. Bertan, hamar urteko lanaren emaitza erakutsi du, erabili eta botatzeko kamera analogikoekin ateratako argazkien artxiboa, «bi krisien artean ospatu den belaunaldi baten higadura erakusten eta argitzen duena». Batez ere Madrilen, Alacanten, Montevideon eta Bilbon hartutako irudiak dira, bertan bizi izan baitzen artista aldi baterako, egoitza artistikoen programei esker.

Alejandria Cinquek (Madril, 1990) gazte-gaztetatik, interes handia zuen gaueko eszenarekiko, eta etxetik ihes egiten zuen gauaren iluntasunean Madrilgo erdiguneko garitoetan zer gertatzen zen jakiteko. Urte batzuk geroago, Arte Ederrak ikasten ari zela, bere argazkiak hartzen hasi zen, gaueko eta bere pertsonaien momentuen bilduma bat osatuz klub, rave eta after ezberdinetan, festa giroan.

‘Fell don't fail me now’ erakusketan argazkiek nostalgiaz begiratzen diote jaiez eta kolektibitatez osatutako munduari. Argazkilariaren esanetan, «dantza pistak birtualak izatera pasa dira, eta hori ez zait batere interesatzen. Streaming bidezko jaiek triste jartzen naute eta festa on batek izan behar duen guztia desitxuratzen dute».

«Dantzan, izerditan eta bihurritzen diren gorputzek zuzenean talka egiten dute koronabirusaren prebentzio-neurriek ezarritako iruditeria berriarekin», adierazi dute antolatzaileek.

Erakusketa honekin eta BilbaoArtek argitaratutako ‘Comer techno bailar techo: retratos de una generación desechable en la década de los 2010’ liburuaren argitalpenak proiektu luzeari amaiera eman dio Alejandriak. Artistak joan den hamarkadan zehar erregistratu dituen kontakizun, pasadizo eta irudien bilduma aurkituko dugu, azken urteotan autoeditatu dituen aldizkarien bilduma baten edizioaren bidez, eta baita erakusketaren sarrera (edo azken agurra) egiteko testu malenkoniatsu bat ere.