NAIZ

Bilboko Konpartsek ez dute ekitaldirik egingo Santo Tomasen

Bilboko Konpartsek iragarri dutenez, aurten ez dute ekitaldirik egingo Santo Tomasen, «gaur egungo osasun egoera dela eta». «Covid-19 gaitzaren zabaltze handiak ez du bermatzen nekazaritzaren festa handian konpartsek egiten duten programazioa eta ospakizuna burutu ahal izatea», azaldu dute.

Bilboko Konpartsen ekitaldia. (BILBOKO KONPARTSAK)
Bilboko Konpartsen ekitaldia. (BILBOKO KONPARTSAK)

Abenduaren 21ean Bilboko konpartsak ez dira Santo Tomasen izango, baserritarren egun nagusian, eta ez dute bertan sukalde eta kultur-programaziorik antolatuko, «gaur egungo osasunegoera dela eta». Halere, Konpartsen Federazioak «lehen sektorea eta elikadura-burujabetza babestera» deitu du, «jai herrikoiak, herri kultura eta zerbitzu publikoak» defendatzearekin batera.

Ohar batean azaldu duenez, urtero-urtero konpartsek euren ahalegina egin ohi dute San Tomas egunean, «bertoko ekoizpena zein elikadura-eredu burujabe baten aldeko apustua egiteko». Helburu horrekin, San Nikolas elizako ingurua dinamizatu dute urteotan, umeentzako emanaldiak, bertsoak, txalaparta, erromeria, kantu-kalejira eta bertoko jana eta edana eskainita.

«Aurten, berriz, covid-19 gaitzaren zabaltze handiak ez du bermatzen nekazaritzaren festa handian konpartsek egiten duten programazioa eta ospakizuna burutu ahal izatea. Beraz, gaur egungo osasun-egoera dela eta konpartsek erabaki dute jarduerarik ez antolatzea abenduaren 21ean, prebentzioa eta elkar-zaintza printzipioetatik abiatuta», ohartarazi dute.

Konpartsek abuztuan iragarri zuten «San Tomas eta Aratusteak ez direla erronka errazak izango, covid-19a bertan segituko duelako, ezusteko zoriontsuren ezean». Orduan egin bezala, deitu dute «jai herrikoiak, parte-hartzaileak, feministak, euskaldunak eta ekologistak babestera», eta baita zerbitzu publikoak ere, «osasun-krisiarekin batera etorri den krisi ekonomikoa betikook ordain ez dezagun».

Halaber, lehen sektorea eta elikadura-burujabetza babestera deia egin dute. Izan ere, azaldu dutenez, «bertoko ekoizle txikien elikagaiak kontsumitzeak garrantzi handia izango du babesteko ingurumena eta gure inguruko herrietako bizitza sozio-ekonomikoa eta linguistikoa».