Eguraldia
Joxe Landaren iragarpena
Gaurko eguraldia

MENDEBALDEKO ERASO BATEN KASKARKERIAK

Mendebaldeko eraso batek harrapatuko gaitu, giroa pixka bat kaskartuz. Ipar-mendebaldeko haizea pixka bat mugituz, freskura eta laino narrasak ekarriko ditu, giroa dezente mikaztuz. Tenperatura dezente beherago eta zerua erabat estalia lainotzarrak arrastaka direla. Euri zipriztin batzuk bota ere bai agian, batez ere ipar partean. Hegoaldean gutxiago nabarmenduko da aldaketa  eta oro har gaurko kontua izango da  soilik. Bihartik aurrera onaldi polita berriro ere. Ea irauten duen udazken giroaren alde ona erakutsiz.

Bihar

GOIZEAN FRESKO ETA LAINO MASKAL BATZUK KOSTALDEAN

Epeldu ezinean baina hobekuntza polita gauzatuko da, kostaldean pixka bat ezinean ibiliko bada ere. Baina ipar haize suabea ekialdeagotik jarriz, txukundu eta goxatu pixka bat bai, eguzkiak lagunduta. Goizeko laino maskalak laster desagertuko dira kostaldetik ere eta zerua urdin geratuko da onaldi dezentea martxan jarriz. Kostako zaio pixka bat behe laino eta ihintzak uxatzea baina nabarmen abiatuko da bide horretatik. Hurrengo egunetan ederki gauzatuko da joera hori, Atlantikoko depresioak eta Europa aldeko antizikloiak konbinazio egokia mantenduko dutelarik.

Joxe Landa. (Gorka RUBIO / ARGAZKI PRESS)