NAIZ

Labore Bilbo, denda itxurako kontsumo elkartea Santutxun

Abenduaren 1etik aurrera, Labore Bilbo elkarteak denda irekiko du Santutxuko Haro plazan. Bertoko jaki osasungarriak aurkitu daitezke eta nekazariek prezio duinak jasoko dituzte. Proiektuaren bizkar-hezurra bazkideetan oinarrituta dago.

Labore Bilbo kontsumo elkatea.
Labore Bilbo kontsumo elkatea.

Labore Bilbo elkarteak abenduaren 1ean irekiko du Santutxuko Haro plazan kokaturiko lokala. Webgunean azaltzen dutenez, «helburua ahalik eta jende gehienari bertokoak diren kalitatezko produktuak eskuragarri jartzea da» eta «ohiko denda eta saltokien ordutegi berdintsua» izango du. 

Bertoko jaki osasungarriak egongo dira salgai Laboren «agroekologiaren baitan produzituak eta, zer esanik ez, harreman soziolaboral justuetan oinarrituak», zehazten dutenez.

Labore Bilbo irabazi asmorik gabeko elkarte bat da eta «bestelako ekonomia eredu batean sinisten dugu». «Kontsumitzaileok kalitatezko produktuak preio herrikoietan eskuragarri izango ditugu, nekazariek prezio duina jasoko dute jakien truke eta lanpostu duinak sortuko ditugu», azaltzen dute webgunean. Ildo horretan, proiektuaren «bizkar-hezurra» bazkideek osatzen dutela azpimarratzen dute, «bazkideok gara Laboreren jabe eta garante».

Labore-Bilbo elkartea babesten duten, norbanako eta eragileek (EHNE Bizkaia, Errigora, Bizilur elkartea, Mundubat, Bizkaiko Emakumeen Asanblada, Gite-Ipes) otsailean eman zuten bazkidetza kanpainaren berri. Dagoeneko 250tik gora dituzte eta helburua 500 izatera heltzea da.

 Aurkezpen bideoa: