@asierrobles

Bilbo Handirako «herrigintza» ildoaren inguruan hausnartzeko Plaza Hutsa

Plaza Hutsa «herrigintza garai berri bati» ekarpenak egiteko eta ezkerreko independentismoa «herrigintzan trebatzeko eskola» izateko xedearekin jaiotako egitasmoa da eta asteburuan Bizkaia metropolitanora eraman zuen hausnarketa Bilbon eta Portugaleten antolatutako bi saioen bitartez.

Plaza Hutsaren Portugaleteko saioa. (Aritz LOIOLA/FOKU).
Plaza Hutsaren Portugaleteko saioa. (Aritz LOIOLA/FOKU).

Plaza Hutsa, herrigintza aro berri bat «pentsatu eta gorpuzteko» helburuarekin sortutako ekimena da. BILBOTARRAk Ibon Meñika, Izaskun Duque eta Mikel Alvarezekin hitz egin du joan den asteburuan Bilbon eta Portugaleten antolaturiko topaketen inguruan.

«Herri eraikuntzaren ikuspegitik, hainbat arlotan, nolabaiteko mugak zeudela konstatatu genuen. Muga hauek, gizarteko hainbat sektoreetan sumatu direla uste dugu, adibidez, Euskaltzaindiak, euskalduntze prozesuan beste pauso bat ematearen beharra zegoela esan zuen duela gutxi», azaltzen du Meñikak. Gogoeta horri helduz, Euskal Herriak, herrigintzaren ikuspegitik, aro berri bati ekitearen «beharra» zuela ikusi zuten.

Plaza Hutsa ekimenetik, Bizkaia metropolitanoan (Bilbo Handian) hausnarketa hau ematea «ezinbestekoa» zela ulertzen dute. Mikel Alvarezek azaldu digunez, alde batetik, hiriak eraldaketa material handia jaso duelako, «eta horrek instituzioak, eragile politikoak edo bestelako eragileen antolatzeko moduetan hiri horren forma hartzean parte hartzea eskatzen du».

Bestalde, hirian gertatzen diren mugimendu sozialen sektorializazioak, horrelako marko komunak eraikitzera eramaten duelako. Eta azkenik, Euskal Herri mailan Bizkaia metropolitanoak duen «paper estrategikoa» nabarmendu du Alvarezek. Hain zuzen ere, Bilbo Handian 850.000 pertsona inguru bizi dira, ia Euskal Herriaren biztanleriaren herena. «Horregatik, horrelako hausnarketa hor ematea oso garrantzitsua da», dio Alvarezek.

Hau zela eta, hausnarketa «Bizkaia metropolitano» horretara eraman zuten aurreko asteburuan, Bilbora eta Portugaletera hain zuzen ere.

Hezkuntzari buruzko hausnarketa

Bilbon egindako saioan Hezkuntzaren inguruko gogoeta kolektiboa abiarazi zuten. Hezkuntzari buruzko lehenengo saio horretan, hiru ondorio nagusi atera zituztela azaldu digu Meñikak. «Gogoetari heltzeko beharra zegoela; gaurko errealitatetik nola ekingo diogun eztabaida hasi dugula; eta azkenik, ezker independentismoak hezkuntzaren baitan duen potentzialtasuna jakitun, herri honi eskaini beharko dion proiektu politikoan, hezkuntzak zelako garrantzia izan behar duenaren konstatazioa».

Maiatzaren 4an, Hezkuntzari buruzko hausnarketa honek, mugarri garrantzitsu bat izango duela aurreratu dute Plaza Hutsa ekimenetik. Egun horretan hezkuntzaren inguruko «plaza hutsa monografiko bat» burutuko dute.

Otsailaren 9an Portugaleten egindako saioak, bi atal nagusi izan zituen, alde batetik Bizkaia metropolitanoan dauden proiektuetako batzuen azoka, eta bestetik ‘Bizitzak eta Lurraldeak’ izeneko gogoeta kolektiboa.

Proiektuen azoka

Bizkaia metropolitanon gaur egun dauden proiektu eraldatzaileen topagune bat egitearen helburuarekin, Plaza Hutsak, proiektu hauen azoka bat antolatu zuen. Bertan 19 proiektu egon ziren beraien egitasmoa azaltzen. Horien artean, Pentsionistak Martxan, Eragin Bilbo, Bizinahi, Karmela, Izarkom, Gazte Euskaltzaleen Topagunea, Mastodon.eus, Tantaka TV, Koopfabrika, Marienea...

«Formatu oso berritzailea izan zen eta balorazio nahiko positiboa egin genuen», dio Duquek.

Duquek herri mugimenduen garrantzia azpimarratu du: «Horrelako proiektuak tresnak izan daitezke gizartea eraldatzeko. Indarrak batzeko gaitasun handia izateaz aparte, jendartean dauden baloreak eraldatzeko potentzialitatea dute, feminismoak bizitza erdigunean jartzea aldarrikatzen du eta pentsionisten mugimenduak bizitza duina. Nik uste, hurrengo urteetan ikusiko ditugun herri mugimendu forma berriak, hortik joango dira».

«Plaza Hutsarekin ez dugu bakarrik herri mugimenduen edo proiektuen koordinazioa bat bilatzen. Hemen, benetako espazio kolektiboak jartzen ditugu mahai gainean, ez hainbeste koordinazio bat egiteko, baizik eta hausnarketa komunak egiteko», dio Alvarezek.

‘Bizitzak eta Lurraldeak’ saioa

Proiektuen azokaren ondoren, talde txikietan banatu eta ‘Bizitzak eta Lurraldeak’ saioari ekin zioten. Antolatzaileek, «pista handirik gabe», hausnarketarako galdera bat bota zuten: «Bilbo metropolitanoko eskala kontuan izanda, zeintzuk izango dira etorkizun ertain edo luzerako ildo estrategiko eta eraldatzaileak?».

«Hainbat ildo atera ziren (euskara eta hizkuntza, feminismoa...), baina ondorioak baino, galdera asko atera genituen. Hausnarketa honek, bigarren saio bat izan beharko du ildo estrategiko horietan gehiago sakontzeko, baina larunbatekoa abiapuntu garrantzitsua izan zen», azaltzen dute.

Aldi berean, hausnarketa honetan udalgintza eta herri mugimendua nola uztartzeari buruzko eztabaida eman zen.

Antolatzaileen ustez, orain arte, harrera ona izaten ari da egitasmoa jendearengan. «Kuantitatiboki pozik, eta kualitatiboki are gehiago. Jendea, aportatzeko eta eztabaidatzeko gogoarekin etorri zela uste dut», dio Duquek. «Gainera aukera oso ona izan zen hainbat sektorek haien ikuspuntua elkartrukatzeko, bizitzaren prekarizazio pairatzen dituzten sektore asko han zeudelako: pentsionistak, gazteak, emakumeak eta migratzaileak», gehitu du Meñikak.

Plaza Hutsa, gehiago garatzeko egitasmoa dela dio Duquek, «nik uste beldurra kendu behar dugula eta gure praktika berri hauetan ausartak eta berritzaileak izan behar garela. Jarraitu behar dugu jendearekin konpartitzen, Plaza Hutsa ariketa kolektibo bat izan behar da, danon artean egindakoa».

Jada egindako saioetaz eta maiatzean egingo de monografikoaz aparte, ikasturte honetan beste saio batzuk antolatzeko asmoa dute, «beharraz aparte, motibazioa ere dagoelako».