NAIZ

Udaren etorrera ospatzeko jaialdia, Laborek Santutxun duen egoitzan

Udaren etorrera aitzaki bezala hartuta, jaialdi bat antolatu dute Labore Bilboko kideek Santutxuko Haro plazan daukaten egoitzan. Ekainaren 19, 20 eta 21ean Food Coop dokumentala oinarri hartuta tertulia bat, Zea Mays taldeko Aiora Renteriaren akustikoa eta Boga garagardoaren dastaketa antolatu dituzte, hurrenez hurren.

Labore Bilboren udako jaialdiaren egitaraua.
Labore Bilboren udako jaialdiaren egitaraua.

Ia urte bat pasatu da Laborek ateak ireki zituenetik eta bazkideei esker egin dutela aurrera nabarmendu dute. «Auzolanean» oinarritutako proiektua da eta «gure etxeetako sukaldeak hurbileko produktu goxo eta osansungarriz» betetzea lortu dutela azpimarratu dute. «Eskuz-esku eraikitzen dugu labore, produktuen prezio justua eta kalitatea bermatuz», azaltzen dute.

Esker ona plazaratzeko eta udaren etorrera aitzaki bezala hartuta, jaialdi bat sute ekainaren 19, 20 eta 21erako. Bazkideak ez ezik, gustuko duen edozein hurbildu daitekeela nabarmendu dute. Asteartean, ekainak 19, arratsaldelko 19.30etatik aurrera FOOD COOP dokumentalaren zati batzuk oinarri gisara harturik tertulia eta elkarrizketa burutuko dituzte.

Asteazkenean, ekainak 20, 19.30etatik aurrera Bizilurrek antolatutako erakusketa alde sozialean eta Aiora Renteriaren (Zea Mays) emanaldi akustikoa izango dira.

Ostegunean, ekainak 21, 19:30etatik aurrera Boga garagardoare dastaketa bat prestatu dute bost euroren truke. Dastaketa gaztaz lagundua izango da.

Laboretik azaldu dutenez, jaialdi honek zenbait helburu ezberdin ditu. Alde batetik, bazkideen egunerokotasuna eskertzea eta bestetik, Labore proiektua kalera ateratzea eta, oraindik ezagutzen ez dutenen belarrietara heltzeko.

«Kontsumo ohituren aldaketa posible izateko, errotik egin behar ditugu aldaketak eta hauek oraindik egiteko daude. Apurka apurka aurrera goazen arren, gelditu ezin dugun tren bat dugu Labore. Motorrak prest daude, eta gure bazkideak gidatzen hasiak dira jada. Egin dezagun Labore guztion artean posible», azpimarratzen dute komunikabideetara igorritako oharrean.